Aurrerantzean fikziozko film luzeak pantailaratuko dituzte soilik eta 9 egun iraungo du; ikus-entzuleenaz gain, epaimahai profesionala osatuko dute ere. Azken edizioetan Euskal Zinemaren Astearekin izenez ezagutu izan den ekimenaren historiari errepasoa emango diote amaiera-ekitaldian.
Gasteizko Vital Fundazioak antolatuta, 40. edizioa ospatuko du otsailaren 23tik martxoaren 2ra euskal zinemaren festibalak; 6 egunetik 9ra pasatuko da. Urteurren borobila aprobetxatuz, gainera, eta “zinemagintzaren sektoreari ematen dion babesa sustatzeko”, iraganeko zenbait ediziotan (2006 eta 2011 artean) izan zuen izena berreskuratuko du: ZINEMASTEA. Ez dira ordea ekimenak jasango dituen aldaketa bakarrak izango.
Atzo bertan aurkeztu zuten 2024ko jaialdia, eta argitu zutenez, aurrerantzean fikziozko film luzeak soilik eskainiko dituzte: “Film laburrek badute beren lekua Film Laburren Gasteizko Nazioarteko Jaialdian (ICOFF), eta dokumentalek, berriz, Aste Dokumentalean. Ekimen bi horiek ere Vital Fundazioak bultzatuta daude”. Guztira, 11 lan egongo dira ikusgai, euskara hutsean filmatutakorik ez; 38. Goya sarietan hautagai izan diren euskal ekoizpenek zein 71. Donostia Zinemaldiko Urrezko Maskorraren irabazleak osatuko dute egitaraua. Ohi bezala, emanaldien ostean filmeko protagonistek edo lan-taldeko kideek hitza hartuko dute.
Jarraian duzue egitaraua:
- Otsailaren 23an, 19:30ean: O corno (Jaione Camborda)
- Otsailaren 24an, 17:00etan: Sultanaren ametsa (Isabel Herguera)
- Otsailaren 24an, 19:30ean: Chinas (Arantxa Etxebarria)
- Otsailaren 25ean, 17:00etan: Robot Dreams (Pablo Berger)
- Otsailaren 25ean, 19:30ean: Sobre todo de noche (Victor Iriarte)
- Otsailaren 26an, 19:30ean: 20.000 erle espezie (Estibaliz Urresola)
- Otsailaren 27an, 19:30ean: Cerrar los ojos (Victor Erice)
- Otsailaren 28an, 19:30ean: Las buenas compañías (Silvia Munt)
- Otsailaren 29an, 19:30ean: Una vida no tan simple (Felix Viscarret)
- Martxoaren 1ean, 17:00etan: Las chicas están bien (Itsaso Arana)
- Martxoaren 1ean, 19:30ean: Upon Entry (Alejandro Rojas eta Juan Sebastián Vásquez)
Banakako sarreren prezioa 3 eurokoa da, eta edizio osorako bonuak 22 euro balio du. Bata zein bestea Vital Fundazioaren egoitzan eta www.fundacionvital.eus webgunean lor daitezke.
Amaiera-ekitaldia
Martxoaren 2an emango diote bukaera ZINEMASTEA jaialdi berrituari, eta sariak banatuko dituzte. Orain arte, ikus-entzuleek boza emanez erabaki dute ekimeneko lan gustukoena, baina aurten, Vital Fundazioak epaimahai ofizial bat eratu du, film, zuzendaritza, gidoi, aktore protagonista eta taldeko aktore onena izendatuko dituena. Ondoko profesionalek osatuko dute epaimahaia: Judiht Colell zuzendari, gidoilari eta zinema ekoizlea; Jaume Balagueró zinema zuzendaria; Alicia Luna zinema gidoilari eta dokumentalen zuzendaria; eta Leonel Vieira portugaldar zuzendari eta ekoizlea.
20:00etan hasita, Europa Jauregian ospatuko dute amaiera-ekitaldia, eta Jon Plazaola eta Nerea Mazo aktoreek aurkeztuko dute. Hitzordu berezia izango da, azken lau hamarkadotan euskal zinemagintzak izan duen bilakaera errepasatuko baita, eta hainbat belaunalditako zinemagilek eta interpretek parte hartuko dute, besteak beste, Ramón Bareak, Estibaliz Urresolak, Pedro Oleak, Elena Iruretak eta Mikel Losadak.
Antolatzaileek aurreratu dutenez, “orain artekoak ez bezalako ekitaldia izango da, eta entretenimenduari nahiz ikuskizunari emango zaie lehentasuna”. Gorka Aginagalde umoregilea izango da bertan, eta Raul Romok bere bandarekin girotuko du gaualdia. Ezusteko “asko eta hunkigarriak” ere iragarri dituzte.
Bertaratu nahi dutenek Vital Fundazioaren egoitzan -Kordoi Etxean (Aiztogile kalea 24)- jaso dezakete gonbidapena. Gehienez ere 4 gonbidapen jaso daitezke pertsona bakoitzeko.