Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuak eta KMKk zinemagintzako ikasleentzat eta zinemazaleentzat diseinatutako Zinemagileen arteko Elkarrizketak programaren bi saio berri eskainiko dituzte otsailean, gaur lehena eta hilaren 27an bigarrena. Victor Iriarte, Carlos Muguiro, Elena Martin, Laura Ferres eta Javier Macipe izango dira profesional gonbidatuak.

Zinemagileen arteko elkarrizketak II-zinea

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura Departamentua, Koldo Mitxelena Kulturunearekin elkarlanean antolatua, hirugarrenez ospatzen ari da Zinegileen arteko elkarrizketak zikloa, Donostian. 2024ko lehen seihilekoan gauzatuko dira enkontruak, eta berriki estreinatu edota estreinatzear dauden proiektuekin lotutako gonbidatuak hartuko ditu. Zazpi saiok osatuko dute programa, eta Donostia Zinemaldiaren Z365 atalaren zein Elías Querejeta Zine Eskolaren partaidetza izango du.

Zinema ikasle zein zaletuei zuzenduta dago zikloa, eta zinemagileak beren ohiko kolaboratzaileekin elkarrizketan arituko dira, film baten ekoizpenaren eta errealizazioaren ikusten ez diren alderdiak hobe ulertzeko gako berriak emateko. Gipuzkoako Foru Aldundian egin dute egitasmoaren aurkezpena, eta Goizane Álvarez Kulturako diputatuak “Gipuzkoa zinemaren mundu liluragarrian murgiltzeko aukera” dela narbarmendu du. Parte-hartzaileen aniztasuna aldarri, egungo panorama zinematografikoaren aberastasuna islatzeko aukera eskainiko du Zinegileen arteko elkarrizketak zikloak, bada, Euskal Herriko zein Espainiako Estatuko profesionalen topagune izango da.

Negu Hurbilak filma estreinatzeke duten Negu Kolektiboko kideak izan ziren lehen gonbidatuak, urtarrilaren 9an egindako saioan, eta Victor Iriarte, Carlos Muguiro, Elena Martin, Laura Ferres eta Javier Macipe izango dira otsaileko profesional gonbidatuak.

Izan ere, egitasmoaren bina saio egingo dituzte hilabete honetan. Gaur, otsailaren 13a, 19:00etatik aurrera egingo den lehenengo saioan, Victor Iriarte artista, idazle, zinemagile eta programatzaileak -Veneziako Giornate degli Autori zine jaialdian Sobre todo de noche lana aurkeztu zuenak-, Elias Querejeta Zine Eskolako zuzendaria den Carlos Muguiro zinemagilearekin hitz egingo du. Elkarrizketaren bidez aztertuko da nola elikatzen den zinema beste diziplina batzuetaz, hala nola programazioaz edo irakaskuntzaz.

Otsailaren 27an, aldiz, programak Elena Martin, Laura Ferres eta Javier Macipe elkartuko ditu, urteko hiru opera prima garrantzitsuenei buruz hitz egiteko: Creatura, Ikusmira Berriak egonaldi-programatik igaro eta Canneseko Quinzaine des Cinéastes jaialdian saria jaso zuena; La imagen permanente, Semincin Urrezko Galburua saria irabazi zuena, eta La estrella azul, Donostiako Zinemaldian Gazteriaren Saria jaso zuena. Talentu berriei laguntzeko interesak eta konpromisoak bultzatuta, programak elkarrizketa bat sustatuko du, hiru zinemagile horien sorkuntza prozesua eta lan horiek egiteko bidea ezagutzeko

Bi hitzorduak 19:00etan egingo dira, Koldo Mitxelena Kulturunearen Santa Teresa komentuko ekitaldi aretoan, eta doakoak izango dira.