Marguerite Duras ardatz hartuta, zinema eta literatura uztartzen dituen zikloaren otsaileko gonbidatua izango da Harkaitz Cano idazlea. Claire Simonek zuzendutako Vous ne désirez que moi (2020) aurkeztuko du, hilaren 15ean.
Ari da pixkanaka-pixkanaka Tabakalera – Donostiako Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroa urte berriari martxa hartzen. Urte hasierarekin batera aurkeztu zuten egitaraua, Zinema eta Zientzia proposamenaren edizio berriarekin, abendura bitartean gauzatuko den Nosferatu zikloarekin -Western garaikide estatubatuarrari eskainitakoa-, eta baita diziplina artistikoen arteko loturak aztertzea helburu duen eskaintzarekin.
Izan ere, zinema eta literatura uztartzen dituen zikloa aurkeztu zuten ere, Marguerite Duras idazle eta zinemagilea izango ardatz hartuta. Hilabetero film bana pantailaratuko dute, eta idazleak gonbidatuko dituzte horiek aurkeztera. Urtarrilaren 12an egin zuten lehena, Durasek berak zuzendutako Le camion (1977) filmaren proiekzioarekin, eta Miren Agur Meabe gerturatu zen Tabakalerara aurkezpena egitera.
Bada, Harkaitz Cano izango da bigarren protagonista. Otsailaren 15ean izango da, eta Claire Simonek zuzendutako Vous ne désirez que moi (2020) aurkeztuko du.
Bera baina 30 urte helduagoa den idazle ospetsu batekin harreman sutsua mantentzen duen gizona da filmeko protagonista. Hitz egiteko beharra dauka: bikotearekin erabat liluratuta dago baina, hala ere, aurrera egiteko ezintasuna sentitzen du ere. Bere maitasunaren intentsitatea hitzetan jarri nahian, argitasun handiz ireki eta deskribatzen du.
Arratsaldeko 19:00etan abiatuko da saioa, eta filma euskarazko azpidatziekin ikusteko aukera izango da. Era berean, Canok euskaraz egingo du aurkezpena.
Eskuratu sarrerak, HEMEN.