20.000 erle espezie, To bird o not to bird eta Robot Dreams izan dira euskal film nagusiak, Juan Antonio Bayonaren La sociedad de la nieve filma protagonista izan zuen sari banaketa ekitaldian.

2024ko otsailaren 10ean banatu ditu Espainiako Zinema Akademiak 38. Goya sariak, eta euskal zinemagintzak zeresana izan du. Gainerako ekoizpenen gainetik, nabarmen, Estibaliz Urresola Solagurenek zuzendutako 20.000 erle espezie filma ageri zen: 14 kategoriatan estatuatxoa lortzeko hautagai zen, opera prima batek inoiz lortutako zifra handiena. Azkenean, Urresolak Zuzendari Berri Onenaren eta Gidoi Onenaren sariak eskuratu zituen. Gainera, laneko protagonistetako bat den Ane Gabarain aktorea Emakumezko Taldeko Aktore Onena izendatu zuten, bere lankide Itziar Lazkano ere hautagai zen kategorian.

Halaber, gau dirdiratsua izan zen To Bird Or Not To Bird ekoizpenarentzat. Martin Romerok zuzendutako eta Unikok ekoitzitako lanak Animaziozko Film Labur Onenaren saria irabazi zuen, seigarren Goya saria Ivan Miñambes ekoizlearentzat. Era berean, Pablo Berger zinemagile bilbotarraren Robot Dreams ekoizpen nafarrak Animaziozko Film Onenaren eta Gidoi Egokitu Onenaren sariak eskuratu zituen.

Ikusi irabazleen zerrenda osoa, HEMEN.

Atarian gelditutako ekoizpenak

Saridunak bezainbeste dira loriaren atarian gelditu diren euskal ekoizpenak. Esaterako, ekitaldiko sari preziatuena eskuratzeko lehian, 20.000 erle espezie filmak lehiakide garrantzitsuak izango ditu, tartean, Victor Erice karrantzarraren Cerrar los ojos itzulerako filma. Era berean, zinemagile berri onenaren kategorian, Urresolaz gain, Itsaso Arana nafarra ere ageri zen, Las chicas están bien zuzentzeagatik.

Michel Gaztambide (Cerrar los ojos) eta Félix Viscarret (Una vida no tan simple) gidoi onenaren kategorian lehiatu dira; eta Euskal Herriko ekoizpena duen eta lurraldean errodatu den Carlota Peredaren La ermita laneko efektu bereziez arduratu diren Eneritz Zapiain eta Iñaki Gil “Ketxu”  hautagaiak izan dira ere.

Bestalde, jakina da euskal zinema industriak apustu sendoa egin duela azken urteotan animazioaren alorrean, eta hala islatu da sariketan ere: film luzeen kategorian, Robot Dreams garailearekin batera Isabel Herguera donostiarraren Sultanaren ametsa opera prima eta Lorena Aresen Hanna y los monstruos izendatu dituzte finalista. Azken hau egokitutako gidoi onenaren, muntaketa onenaren, eta soinu banda onenaren ataletan ere sartu zuten akademikoek.

Film laburrei dagokienez, NIFF zein Zinegoak jaialdietatik igaro den Txotxongiloa (Sonia Estevez) lehiatu da azkenean irabazle suertatu den To Bird or not to Bird (Martin Romero) filmarekin batera.