Torturaren Aurkako Eguna dela-eta, Jon Mikel Fernández Elorzek eta Imanol ‘Kima’ Arzuagak zuzenduriko Bi arnas (2022) dokumentala Gogora Memoria Institutuan emango dute otsailaren 13an,18:30etatik aurrera.

Torturak Euskal Herrian eragindako zauria itxi ez dela ikusaraztea du helburu Bi arnas filmak, eta Sorzabalek jasandakoak ezagutaraziko ditu, baita bere amaren sufrikarioa ere. Bakoitzak bere modura sufritu baitute torturak eragiten duen arnas falta. Horiez gain, baina, bestelako ahotsak bilduko dituzte sortzaileek proiektuan: Nekane Txapartegi asteasuarrarena (1999an torturatua); Paco Etxeberria auzi mediku eta Eusko jaurlaritzak sustatuta Euskal Herrian izandako tortura kasuak ikertu dituen txostenaren egilearena; eta Serge Portelli Versaillesko Dei Auzitegiko magistratu ohia, abokatua eta torturaren kontrako ekintzailearena.

Borda Gorri Produkzioak ekoiztetxearen parte hartzea du Bi arnas dokumentalak, eta 2022ko maiatzaren 22an ikusi zuen argia. Izan ere, Irungo Amaia Kultur Zentroan erakutsi zuten aurrenekoz Fernández Elorzek eta Imanol ‘Kima’ Arzuagak sustatutako lana, bi protagonista nagusien jaioterrian. Filma Donostia Zinemaldiaren ZINEMIRA atalean aurkezteko aukera eduki zuten irailean, eta ordutik, herriz herri zein nazioartean ari dira emanaldiak egiten, etenik gabe.

KRITIKA: Bi arnas: Itxi gabeko zauri baten erditzea

Torturaren Aurkako Eguna dela-eta, dokumentalaren emanaldi berezia hartuko du Gogora Memoria Institutuak Bilboko María Díaz Haro kaleko hirugarren zenbakian duen egoitzan; bihar, otsailaren 13a, asteartea, 18:30etik aurrera. Ondoren, solasaldia izango da Imanol ‘Kima’ Arzuaga dokumentalaren ekoizlearekin, Aintzane Ezenarro Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendariak gidatuta.

Sarrera libreko saioa izango bada ere, ezinbestekoa izango da presentzia baieztatzea: 94 403 28 43 telefonora deituta edota gogora.memoriahistorikoa@euskadi.eus helbidera idatzita.