Teknologia berriek eta mugikorrek adin txikikoei eskaintzen dizkieten aukera eta mehatxuak aintzat hartuko dituzten iragarkiak izango dira EUSPOT – Euskarazko Spot Lehiaketako 13. edizioaren ardatza. 2024ko maiatzaren 20an bukatuko da lanak aurkezteko epea.
Euskarazko spoten sorkuntza bultzatzeko sortu zen EUSPOT – Euskarazko Spot Lehiaketa 2011 urtean. Bada, ordutik, aitzindaria da euskara, sormena eta publizitatearen arloa uztartzen eta erreferente bilakatu da euskarazko publizitatearen harrobia lantzen. Aurten 13. edizioa ospatuko da, eta TELEFONO MUGIKORRAK ETA ADIN TXIKIKOAK hautatu dute landu beharreko gaia. Hain zuzen ere, teknologia berriek eta mugikorrek adin txikikoei eskaintzen dizkieten aukera eta mehatxuak aintzat hartuko dituzten iragarkiak galdegin dituzte, gizarte orokorrari oro har, eta, bereziki, adin txikiko haurren guraso eta hezitzaileei zuzendutako piezak izan behar dira.
12 urteko seme-alabak mugikorra eskatu die gurasoei. Zer egin?
Gizartean eztabaida bero-bero dago arlo honen inguruan; asko dira mugikorren erabilerari mugak edo debekuak jarri nahi dizkieten kolektiboak eta adin txikikoek egiten duten mugikorren erabilerarekin oso kritiko azaltzen direnak. Bide horretatik, sortu dira egitasmo konkretuak herri ezberdinetan, guraso elkarte ezberdinetatik sustatu diren kanpainak, mugikorraren erabilera ez egokiak arazo larriak sor ditzakeela dioten profesionalak…
Bada, eztabaidari ikus-entzunezko ekarpena egitea izango da lehiaketaren xedea: Parte-hartzaileek 30 segundoko iragarki bat sortu beharko dute, gizartean kontzientzia pizteko eta bereziki guraso gazteen kolektiboan eragiteko.
Maiatzaren 20a bitartean izango dute aukera euren lanak egin eta aurkezteko, eta hainbat sari egongo dira jokoan:
Sari nagusiak:
- Spotik onena: 1.000 €
- Publikoaren saria: 500 €
- Gazteen saria (14-18 urte): 500 €
- Musika sinkronizazio onenaren saria: 300 €
Sari gehigarriak:
- Mondragon Unibertsitateko ikasleen spotik onena: 500€
- Arizmendiko ikasleen spotik onena (250 euro).
Parte hartu nahi dutenek, briefing-a eta oinarriak lehiaketaren webgunean dituzte eskuragarri. Izena emateko, inskripzio-galdetegia bete beharko dute lana aurkezterakoan.