Zinema dokumentalaren sorkuntzari eta ekoizpenari buruzko hausnarketa gune bilakatuko da festibala; ondareaz, zaintzaz eta zabalkundeaz hitz egingo dute. Industriako profesionalen arteko harremanak estutuko dituen jarduerak ere aurreikusi dituzte.

Punto de Vista LAN-zinea

Punto de Vista – Nafarroako Zinema Dokumentalaren jaialdiak hirugarrenez hartuk du LAN saila. Hitzak berak “jarduera” ez ezik, “uzta” ere adierazi nahi duela defendatuz, “testuinguru hurbileko zinemagile geldiezinei” hitza emango dieten hainbat programa barneratuko dituzte bertan. Martxoaren 11tik 16ra bitartean gauzatuko da festibalaren 18. edizioa, eta ondare zinema dokumentalaren zaintzari buruzko ekimenak antolatu dituzte baita (hitzaldi bat, emanaldi sorpresa bat eta mahai-inguru bat).

Bestalde, industria jarduerei lotuta, profesionalen eta erakundeen arteko loturak estutzeko zenbait hitzordu aurreikusi dituzte: dagoeneko ohiko bilakatu diren Napardocs topaketak, Doklab Navarra proiektuen aurkezpena, Zinema Zubiak programa edota filmaketa jasangarriei buruzko 2023ko txostenaren irakurketa, besteak beste.

Multzoka sailkatuta, LAN sailaren barruan ondoko jarduerak eskainiko dituzte:

  • TERMITAS

Panorama zinematografiko alternatibo eta emergentearen berri emango du Punto de Vistak aurten ere. Hainbat sortzailek beren azken lanak erakutsiko dituzte, horiek sortzeko eta ekoizteko garaian kontuan izan dituzten zenbait alderdi eta material ikus-entzuleekin partekatuz. Lau programa izango ditu, eta mundu mailako lau estreinaldi hartuko ditu. Tartean da Patxi Burillo iruindarraren Año y vez (2024) film laburra.

  • ROSA MARÍA ANTUÑA: EZ-ZINEMAGILE BATI BURUZKO ATZERA BEGIRAKOA

Zinema brasildarraren aitzindaria den Rosa María Antuñak (Belo Horizonte, 1939) 60ko hamarkada amaieran zuzendu zituen bi film labur proiektatuko dituzte: Rosa Rosae (1968) eta Solo (1969). Izabela Silva ikertzaile eta zinemagile gaztea ari da Antuñaren lanaren atzetik, eta Iruñean hitzaldi ilustratu bat eskainiko du, aipatutako film laburrak abiapuntu hartuta. Zaharberritze eta digitalizazio prozesuak azalduko ditu, baita Belo Horizonteko Zinema Eskolari buruzkoak ere.

  • FERNANDO MARTÍN PEÑA: ‘LA VIDA A OSCURAS’ eta EMANALDI SORPRESA

Sail ofizialean (lehiaz kanpo) parte hartzeaz gain, LAN sailean ere ezagutu ahalko da Enrique Bellande zinemagile argentinarraren La vida a oscuras filma, Fernando Martín Peñak Buenos Airesen antolatu ohi dituen zinema saioen lanketa erakutsiko duena. Martín Peñak berak, gainera, formatu fotokimikoan aurkeztuko du zinema dokumentaleko proiekzio sorpresa bat, bere artxiboko filmetan oinarritutakoa.

  • ONDARE ZINEMA DOKUMENTALARI BURUZKO MAHAI-INGURUA

Parisko Cinéma du Réel jaialdiaren eta Institut Françaisen laguntzarekin antolatuta, Frantziako eta Espainiako estatuetan zinema dokumentala zaintzeko, banatzeko eta zabaltzeko politikei buruzko mahai-ingurua egingo da. Cinéma du Réelekin kolaboratzen duten zenbait eragilek parte hartuko dute, industriako eragileekin eta Espainiako artxibo eta akademia erakundeekin batera.

  • JARDUERA PROFESIONALAK

2018an NAPAR elkarteak sortutako NaparDocs topaketek jarraipena izango dute 18. Punto de Vistan, publiko orokorrarentzat irekiak izango direnak. Gainera, Zinema Zubiak programaren edizio berri bat hartuko du, Euroeskualdeko -Akitania Berria, EAEA eta Nafarroa-  ekoizleak elkartuko dituena.

Bestetik, “Sormena eta finantzaketa: oreka eta eragina emakumeek egindako ez-fikziozko zineman” mahai ingurua prestatu dute. Bertan, zinema dokumentalaren finantzaketarekin eta ez-fikziozko zineman lan egiten duten emakume zinemagileen sormenean eta presentzian duen eraginarekin lotutako gaiak jorratuko dira.

Gainera, bigarren urtez, sortzaileek beren proiektuak koproduktore, finantzatzaile edo banatzaile posibleei aurkezteko aukera izango dute, Doklab egonaldien baitan. Azkenik, Spain Film Commission elkarteak eta klusterren REDCAU elkarteak filmaketa jasangarriei buruzko 2023ko txostena aurkeztuko dute, eta ikus-entzunezko industriaren barruan hain beharrezkoa den ikuspegi ekologista horri buruz iaz jasotako datuak aztertuko dituzte.

Informazio osagarria, jarraian.