Otsailaren 28an, ikus-entzunezko proiektuen aurkezpen- eta salmenta-dossierren idazketan sakontzeko lantegia eskainiko dute Tabakaleran, Europa Creativa Desk MEDIA Euskadi bulegoak sustaturikoa. Otsailaren 15era bitartean onartuko dituzte inskripzioak.

Urtea hasi berritan iragarri zituen Europa Creativa Desk MEDIA Euskadi bulegoak Tabakalerarekin lankidetzan prestatu dituen lehen tailerrak. Horien bidez, diziplina ezberdinak lantzeko aukera eskainiko zaie ikus-entzunaren esparruko langintza ezberdinetako profesionalei: proiektuen dossierrak, gidoiak, koprodukzio akordioak eta prentsarekin harremanak kudeatzeko saioak, hain zuzen ere.

Lehena otsailaren 28an eskainiko dute, Tabakalerako ikus-entzunezko laborategiko 1. solairuan,  ikus-entzunezko proiektuen aurkezpen- eta salmenta-dossierren idazketan sakontzeko lantegia izango da. ICAAren, Eusko Jaurlaritzaren eta Europa Creativa MEDIAren deialdietarako txostenak nola sortu eta antolatu izango dute hizketagai, industriako hiru profesionalen gidaritzarekin: Silvia Anoro (ICAAko Ikus-entzunezko Industria Zinematografikoa Sustatzeko zuzendariorde nagusia), Manuel Galarraga (Eusko Jaurlaritzako Kultura Sustatzeko teknikaria) eta Ainhoa González (Europa Creativa MEDIA Euskadiren bulegoko arduraduna).

Bertan parte hartu nahi dutenek hilaren 15a baino lehen eman beharko dute izena: a.gonzalez@europacreativaeuskadi.eu