Freddy Krueger bilaua ezaguna izango da maiatzaren 3tik 11ra bitartean ospatuko den FANT – Fantasiazko Zinemaren Jaialdiaren aurpegia. Aurreko edizioetako ildo grafiko berari jarraituz, Zinemaldiak fantasiazko zinemako pertsonaiarik mitikoenetarikoa ikusaraziko du jaialdiaren 30. edizioa ordezkatuko duen irudian.
Jaialdiko arduradunak 30. urteurreneko hitzorduaren azken xehetasunak atontzen ari diren honetan, hitzordua ordezkatuko duen irudiaren berri eman dute. Aurreko urteetako ildo grafiko berari jarraituz, fantasiazko zinemako pertsonaiarik mitikoenetariko bat ikusaraztearen apustua errepikatu dute eta, hala, A Nightmare on Elm Street (1984) pelikularen protagonistak jarriko dio aurpegia kartelari: beldurrezko zinemaren ikono handienetariko bat, Freddy Krueger, Robert Englund aktoreak antzeztua.
Zintak berehalako arrakasta lortu zuen, Elm Street kalea abiapuntu (1963an John Kennedy presidentea hil zuten bide bera), nerabeen amesgaiztoetan sortzen zen pertsonaia beldurgarri baten istorioarekin. Izan ere, Freddyk ametsen munduan egiten zituen ekintza horiek eragina zuten bizitza errealean.
Bada, filmaren estreinaldiaren 40. urteurrenarekin bat eginez, “bilau lizun, ironiko eta kezkagarri” honen lehen planoak osatuko du 30. FANT Bilbao jaialdia iragarriko duen kartela. Irudia egiteko, Trick Or Treat Studios (atrezzo zinematografikoan eta efektu berezietan trebatutako enpresa estatubatuar ezaguna) etxe ezagunak sorturiko maskararen, eskularruaren eta kapelaren erreplikak erabili dira.
Pre-FANT emanaldi berezia
Estreinaldiaren urteurren borobilaren karietara ere, filma ikusteko aukera izango da -jatorrizko bertsioan, gaztelerazko azpidatziekin-, aurtengo PreFANT zikloaren lehen proiekzio gisa. Datorren ostegunean, otsailaren 15ean egingo dute proiekzioa; 19:30etik aurrera, Golem-Alhóndiga zinemetako 1. aretoan. Sarrera doakoa izango da, eta aldez aurretik jaso beharko da leihatilan, egun berean, 16:30etik aurrera.