Estibaliz Urresola Solagurenek idatzi eta zuzendutako 20.000 erle espezie opera primak hiru aitortza jaso ditu Kataluniako Zinema Akademiaren sariketan. Euskal ekoizpena duen Upon Entry eta Pablo Berger zinemagile bilbotarraren Robot Dreams ere nabarmendu dituzte.
XVI. Premis Gaudí sarien banaketa ekitaldia iragan otsailaren 4an, igandean, ospatu dute Bartzelonako Nazioarteko Konbentzio Zentroan (CCIB). Aurreikuspenak betez, Elena Martín Gimenoren Creatura (irakurri kritika, hemen) eta David Truebaren Saben aquell izan dira gaualdiko bi ekoizpen arrakastatsuenak, hurrenez hurren, sei eta zazpi garaikur bereganatuz. Besteak beste, film eta zuzendari onenaren sariak lortu ditu lehenak; aktore protagonistenak, bigarrenak.
Euskal zinemagintzak ere ordezkaritza izan du Kataluniako Zinema Akademiaren hitzorduan, eta 2023-2024 aldiko sari-banaketa denboraldian dagoeneko ohitura bilakatu den ildoari jarraituz, 20.000 erle espezie eta Robot Dreams filmek hainbat aitortza jaso dituzte; bata zein bestea Euskal Herriko zinema aretoetan ikusgai dituzue egunotan. Estibaliz Urresola izendatu dute zinemagile berri onena, eta ezustekorik ezean, asteburuan ospatzekotan diren Goya sarietan ere hala gertatuko da. Gainera, katalanaz besteko film onena izendatu dute haur trans bat protagonista duen istorioa, eta argazki zuzendari onenaren saria irabazi du zereginaz arduratu den Gina Ferrerrek.
Bere aldetik, Pablo Berger zinemagile bilbotarraren lanak ez du aurkaririk animaziozko film luze onenaren atalean. Orain arteko sariketetan nagusi izan da, eta badirudi Oscar sarietarako finalista izateak bultzada eman diola. Soinu banda onenaren errekonozimendua ere eman diote.
Halaber, Alejandro Rojasek eta Juan Sebastián Vásquezek idatzitako Upon Entry thriller psikologikoa nabarmendu dute akademiko kataluniarrek. Basque Films ekoiztetxe bilbotarraren parte-hartzea duen proiektuaren gidoia goratu dute.
Ezagutu sarituen zerrenda osatua, HEMEN.