Otsailaren 10etik 12ra bitartean, Bretania eskualdeko (Frantziako Estatua) Saint-Brieuc hirian pantailaratuko dute Josu Martinezek zuzendutako filma. 8.000 ikus-entzule baino gehiagok ikusi dute dagoeneko.

Bizkarsoro-Josu Martinez-zinea

Hilabete betetzear da Josu Martinezek zuzendutako Bizkarsoso filma euskal lurraldeetan zehar erakusten hasi zirenetik, eta martxa onean doa. 8.000 ikus-entzule baino gehiago gerturatu dira zinema aretoetara, eta gutxienez apirilera arte mantenduko da pantaila handian. Asteburu honetan bertan, gainera, Euskal Herriko mugak zeharkatuko ditu aurrenekoz. Gastibeltza Filmak ekoiztetxeak jakianrazi duenez, Bretania eskualdeko Saint-Brieuc hiriko Club 6 aretoan egongo da ikusgai hiru egunez: otsailaren 10ean (18:00), otsailaren 11n (15:00etan) eta otsailaren 12an (20:30ean). Filma jatorrizko bertsioan emango dute, frantsesezko azpitituluekin.

1914tik 1982ra bitartean gertatzen diren bost istoriok osatzen dute Bizkarsoro filma, berriki 2024ko Ikus-entzunezko Argia Sariarekin aitortu dutena. Ahozko lekukotzetan eta idatzitako testuetan oinarrituta, XX. mendeari errepaso soziopolitiko, ekonomiko, kultural eta linguistikoa eman dio Martinezek, euskara jomugan duen oldarraldia aspalditik datorren auzia dela erakutsiz. Euskal Herriko edozein herri izan daiteke Bizkarsoro, eta bertako biztanleak, era berean, euskaraz bizitzeagatik jazarriak izan diren euskaldun guztiak dira.

KRITIKA | BIZKARSORO: Euskara behar du herriak

Dokumentalgintzan trebaturiko Josu Martinezek sorturiko filmak 71. Donostia Zinemaldiaren ZINEMIRA atalean ikusi zuen lehenengoz argia, eta etorkizuneko zinemaren habia izateko xedez sorturiko Fif StJeanDeLuz – Donibane Lohitzuneko Nazioarteko Zinemaldian eta Hazparneko Zinegin festibalean erakutsi ostean, urtarrilaren 12an izan zuen estreinaldi komertziala. Ordutik han eta hemen ari dira proiektatzen.

Agenda betea, apirilera bitartean

Zabalkunderako bokazioa duen proiektua da Bizkarsoro, eta behar beste emanaldi antolatzeko prest agertu da lan-taldea. Filma bera aurkeztu eta emanaldi eskariak bideratzeko bizkarsoro.eus ataria jarri dute martxan eta, hartara, interesdunek Zure herrian atalean sakatuta aurki daitekeen formularioa betez egin beharko dituzte eskaerak.

Webgunean gainera, datozen egun eta asteetako proiekzioen berri ere ari dira ematen. Apirila bitartean, agenda betea dute proiektuko arduradunek, eta etengabe eguneratzen ari dira, Euskal Herriko zazpi lurraldeetan zehar saio berriak gehituz. Izan ere, Gastibeltzak UEMArekin sinatutako hitzarmenari esker, kiden diren herri guztietan egongo da ikusgai. Gainera, ikastetxeetara ere iristeko erraztasunak eman nahi dizkie mankomunitateak udalei.