Herrialdeko zinemagintza goresteko asmoa duten dominak banatu ditu bart Zinema Idazleen Espainiako Zirkuluak. Euskal zinemagintzak hainbat sari jaso ditu.

79CEC Dominak-zinea

Zinema Idazleen Espainiako Zirkuluak atzo bertan ospatu zuen urteroko sari-banaketa ekitaldia, eta sorpresarik ez da izan. La sociedad de la nieve izan da garaile, bost sari irabazita: film onena, gizonezko aktore berri onena, egokitutako gidoi onena, argazki eta muntaketa onenak. J. A. Bayona zinemagileari baina, zuzendari onenaren aitortza ukatu diote, Victor Ericeren alde. 12 izendapenekin faborito nagusia izan da Cerrar los ojos, baina bere lehiakide zuzenak baino errekonozimendu bat gutxiago lortu du azkenerako: zuzendari onena, taldeko gizonezko zein emakumezko aktore onenak eta jatorrizko gidoi onena.

Karrantzarrarena ez da ordea CEC sarien 79. edizioan laudatu duten ekoizpen euskal herritar bakarra izan. Estibaliz Urresola laudioarra zinemagile berri onena izendatu dute 20.000 erle espezie opera priman egindako lana goraipatuz. Bestetik, Arantxa Echeverria bilbotarraren Chinas-ek eta Pablo Berger herrikidearen Robot Dreams-ek bina aitortza jaso dituzte: emakumezko aktore berri onenarena eta Platino Domina, lehenak; animazioko film luze eta musika onenarenak, bigarrenak.

Aldiz, AEBko aireportuetako immigrazio kontrol zorrotzak aztergai dituen Upon Entry (Alejandro Rojas eta Juan Sebastián Vásquez) thriller psikologikoa, Itxaso Aranaren Las chicas están bien, Felix Viscarreten Una vida no tan simple, eta Isabel Hergueraren El sueño de la sultana esku hutsik gelditu dira.

Ezagutu Zinema Idazleen Espainiako Zirkuluak argitaratutako irabazleen zerrenda osatua, HEMEN.