Itziar Leemansen lan berriena 21:00etatik aurrera eskainiko dute; zinemagilea bera izango dute ZINEZ saioan gonbidatu. Orange 358, Bouygues 339, Free 948 eta SFR 496 kanaletan zein kanaldude.eus atariko zuzeneko atalean egongo da ikusgai.

Ximinoa-Itziar Leemans-zinea

“Zinemaz zinez eta bihotzez hitz egiteko” hitzordu berezia atondu du Kanaldude Telebistak larunbat honetarako. Itziar Leemans zinemagile donibane-lohitzunetarra izango dute gonbidatu, eta ostean, bere film labur berriena ikusteko aukera egongo da: Ximinoa, Senpereko Gastibeltza Filmak eta Bilboko Al Borde Films etxeen arteko koprodukzioa.

2012an Habanako Nazioarteko Zinema Eskolan graduatutakoa da Leemans, eta hain zuzen ere, Kubari buruzko dokumental luze bana zuzendu zituen 2015ean eta 2020an: Parque Lenin eta Boca Ciega; ostean etorri da bere hirugarren lan luzea, Olatuak (2023), iragan urtarrilean 6. FIPAFOC jaialdian aurkeztutakoa. Egun, fikziozko opera prima ari da idazten, Agurra, 2019an, NOKA emakume zinemagileentzako mentoretza programan hautatua izan zena.

Film laburrei dagokienez, besteak beste Bainera zuzendu zuen 2018an, eta iaz, Ximinoa aurkeztu zuen, KIMUAK katalogoan hautatua izan zena. Euskaraz eta frantsesez egindako fikziozko lan honetan, Junek, udako lehen lana aurkitu du. Constance zaintzen du, maitasun eskasez den neskato sentikorra. Junek laster mantsotzen du haurra eta Elisabethen, bere amaren, konfiantza lortzen du. Junek familia berria atzeman izanaren ilusioa du, baina, lehen okerrean, etxeko langile estatutura itzularazten dute. Klase harremanen bortizkeria eta bere identitatearen ukapena aurkituko ditu. Ainara Leemans, Anaïs Villiot Chantelauze eta Sarah Chantelauze dira protagonistak.

KIMUAK: Aldarrikapen sozialen euskal habia

Márgenes – Madrilgo Nazioarteko Zinemaldian erakutsi du Leemansek Ximinoa, eta  ZINEBI – Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiaren 65. edizioan Euskal Zinemaren Sari Nagusiarekin aitortu zuten. Berriki, Huhezinema Saria irabazi du, 17. uhezinema – Euskal Film Laburren Jaialdian, “klase harremanen bortizkerian, Iparraldeko familia burges baten eta haien haurtzainaren unibertsoan maisuki murgildu gaituelako”.

Bada, Kanaldude Telebistak iragarri du bihar (otsailak 3), 21:00etan, ZINEZ saioaren baitan emango dutela Ximinoa, zuzendaria bera gonbidatu izango dutelarik. Orange 358, Bouygues 339, Free 948 eta SFR 496 kanaletan zein kanaldude.eus atariko zuzeneko atalean egongo da ikusgai.