Hilabete berrirako atondutako eskaintzan toki berezia izango du Mexikoko zinemagintza garaikideak, eta zinemaren historiako ezinbesteko film sorta pantailaratuko dute ere. Nafarroa Zinemaren Lurraldea 2023ko film labur finalistak erakutsiko dituzte.

Nafarroako Filmoteka-otsaila-zinea

VII. Espiritualtasun Zikloaren baitan atondutako Patriarcado, el organismo nocivo (Teresa Soler Garrido eta Albert Sanfeliu Rodriguez, 2022) dokumentalarekin abiatuko du Nafarroako Filmotekak otsailerako prestatu duen egitaraua; lau emakume boteretsuren hausnarketarako gaitasuna eta indarra erakutsiko ditu. Feminismoa ulertzen saiatzeko hitzaldi-sorta eskainiko dute hilabetean zehar, eta atondutako jardueren artean emango dute filma, Soler Garridok aurkeztuta.

Gaurko saio bereziaren ostean, filmategian dagoeneko finkatuta dagoen Ezinbesteko Zinema atalarekin jarraituko du programazioak. Ostiralero, zinemaren historian arrastoa utzi duen film bana pantailaratuko dute. Hollywoodeko zinema beltzaren gailurretako bat den Scarface (Howard Hawks, 1932) egongo da bihar ikusgai, eta hurrengo aste-bukaeretan, They Live by Night (Nicholas Ray, 1948),  Miracolo a Milano (Vittorio De Sica, 1951) errealismo berri italiarreko maisulana eta The Wild Bunch (Sam Peckinpah, 1969) western krepuskularra emango dituzte.

Asteazkenetan, aldiz, Mexikoko Zinematografia Institutuarekin lankidetzan, herrialdeko ekoizpen garaikideei (fikziozkoak zein dokumentalak) egingo zaie tokia. 70eko hamarkadako film garrantzitsuenetako bat den El lugar sin límites (Arturo Ripstein, 1978) lanak emango dio hasiera fokuari, Donostia Zinemaldian Epaimahaiaren Sari Berezia lortu zuena. 90eko hamarkada bukaerara jauzi eginez, filmografia labur baina entzutetsua duen Carlos Boladoren Baja California. El límite del tiempo (1998) road movie-a ezagutzeko aukera egongo da. XXI. mendean sartuta, Mexikoko zinema eskolan graduatu zen lehen emakumeetako bat den Maria Novarok zuzendutako Las buenas hierbas (2010) fikzioa eta Juan Francisco Urrusti eskarmentu handiko errealizadorearen azken dokumentala, Un exilio: película familiar (2017) berreskuratuko dituzte.

Gainera, Nafarroa Zinemaren Lurraldea programaren 2023ko edizioan finalista izan diren film laburren saioa hartuko du filmategiak, batetik. Bestetik, timelapse baliabide teknikoa lantzen ia bakarrenetarikoa den Martin Zalba musikagile, argazkilari eta zinemagileari eskainiko diote tartea.

Azkenik, Ateneok aurkezten du… atalean, Cannesko Zinemaldiko 2023ko edizioan zaharberrituta aurkeztu zuten Munekata kyodai / The Munekata Sisters (1950) filma emango dute, Yasujiro Ozu zinemagile japoniarraren jaiotzaren 120. urteurrena aitzaki. Punto de Vista Fokuan, aldiz, dokumentalaren eta fikzioaren arteko muga zurrunak hautsiko dituen ekoizpen alemaniar bat ekarriko dute pantaila handira: Menschen am Sonntag (Robert Siodmak, Edgar G. Ulmer, Curt Siodmak, Fred Zinnemann, 1930). Aktore profesionalek eta ez-profesionek parte hartu zuten, eta Billy Wilder maisuaren gidoia dauka.

Otsaileko egitarauari buruzko informazio zehatzagoa, HEMEN.