Zinema eskolak eskaintzen dituen graduondoko hiru programetan onartua izateko epea otsailaren 29an bukatuko da. Artean, bihar, zalantzak argitzeko aurrez aurreko informazio-saioa egingo dute; online saioak, aldiz, hilaren 12an eta 19an izango dira.

eqze-2425-zinea

2024-2025 ikasturtean EHU/UPVra atxikitako graduondoko ikasketak burutu nahi dituztenentzako izen-emate prozesua gaur, otsailaren 1ean, zabaldu dute; hilaren 29ra bitartean egongo da aukera, www.zine-eskola.eus webgunean. Bertan eskuragarri aurkituko duten formularioa bete, eta eskatutako dokumentazioa gehitu beharko dute ikasleek.

Orotara 45 ikaslerentzako lekua du Elias Querejeta Zine Eskolak, adar bakoitzean (Artxiboa, Komisariotza eta Sorkuntza) hamabost ikasle onartuko baitituzte. Goi mailako unibertsitate titulu bat (lizentzia edo gradua) duten edo hura lortzeko prozesuan dauden ikasleek, zinema eskolaren batean aritu diren ikasleek eman dezakete izena. Salbuespen gisa, aurre baldintza horiek bete gabe zinema esperientzia egiaztatua duten hautagaien kasu partikularrak aztertuko ditu zentroak.

Onarpen epean jasotako eskaerak Onarpen Epaimahaiak eta zentroko Zuzendaritza Akademikoak ebaluatuko dituzte, eta ekaineko lehen astean jakinaraziko da graduondoko hiru programetarako hautatuak izan diren pertsonak zein diren. 72. Donostia Zinemaldiarekin batera hasiko dute ikasleek ikasturtea, eta hurrengo urteko ekitaldiko azken egunean amaituko dituzte eskola presentzialak.

Onartutako ikasleek bi beka jasotzeko aukera izango dute. Batetik, 2024-2025 ikasturtean jardungo diren 14 ikasle italiar eta latinoamerikarrentzat bekak sortzeko diru-laguntza funtsa onartu du Ibermediak (bakoitzak 3.571 dolar). Bestetik, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura Sailak 2.500 euroko hiru Izango Zara beka emango ditu.

Informazio-saioak

Onarpen-prozesuarekin lotutako zalantzak argitzeko asmoz, EQZEk hiru informazio-saio eskainiko dizkie interesatuei. Lehena, otsailaren 2an, aurrez aurre izango da, zinema eskolaren egoitzan bertan. Gainerako biak (otsailaren 12an eta 19an), online izango dira.

Xehetasunak ezagutu, jarraian.