Euskal Herriko zenbait zinema aretotan berriz ikusi ahalko dira 38. Goya sarietan hautagai diren eta euskal ekoizpena duten bi filmak. Estibaliz Urresola laudioarraren opera primak 15 izendapen ditu; Pablo Berger bilbotarraren animaziozko lana Hollywoodera begira dago.
Astebete eskas baino ez da gelditzen Espainiako Zinema Akademiaren hitzordu nagusirako, eta dagoeneko akademikoen ebazpena jakin nahian gabiltza. Urtebeteko ibilbidea osatuko dute hautagai diren film batzuek, azken hilabeteotan soilik izan dugu beste batzuen berri; baina denek ere, izango dute beren aukeratxoa. Eta noski, euskal zinemagintzak zeresana emango du otsailaren 10ean banatuko dituzten 38. Goya sarietan.
Gainerako ekoizpenen gainetik, nabarmen, Estibaliz Urresola Solagurenek zuzendutako 20.000 erle espezie filma ageri da –15 izendapen ditu, 14 kategoriatan-, eta oraindik ere zinemagile laudioarraren opera prima ikusi ez duenik bada, zorioneko dago. Hego Euskal Herriko zenbait zinema aretoetan berriz eskainiko dute Forque zein Feroz sarietan nagusi izan den lana. Donostiako Principe zinemetan egongo da ikusgai; astelehenetik aurrera Donostiako Garbera eta Usurbilgo Urbil merkatalguneetako aretoetan, eta Bilboko Cinesa Zubiarten ere emango dute, Victor Erice karrantzarraren Cerrar los ojos itzulerako lanarekin batera. Iparraldeko estreinaldia otsailaren 15erako dute aurreikusita.
Urresolak zuzendutako eta Gariza Filmsek, Inicia Filmsek eta Sirimiri Filmsek ekoiztutako lanak hiru belaunalditako emakumeek osatutako familia-erlauntza du ardatz: Coco da filmeko protagonista, 8 urte dituen haur trans bat, amarekin eta neba-arrebekin amaren jaioterrira uda pasatzera joango dena. Euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesez dago errodatuta, eta bere aurreko lanetan bezala, ia erabat emakumez osatutako lan-taldea du filmak.
Berlingo Zinema Jaialdian izan zuen ekoizpenak mundu mailako estreinaldia, eta arrakastatsu suertatu zen. Izan ere, Sofia Otero aktore basauriar gaztea aitortu zuten sail ofizialeko interpretazio onenaren Zilarrezko Hartzarekin. Ordutik, aitortzak pilatu ditu nazioartean.
KRITIKA | 20.000 ESPECIES DE ABEJAS: Norbere identitatearen hariak ehuntzen
Bestalde, animaziozko film onenaren kategorian gailentzeko faborito nagusia den Robot Dreams ere bueltan da pantaila handian. Ostiralaz geroztik, Gasteizko Florida Zinemak aretoetan, Donostiako Principe zinemetan eta Bilboko Golem Alhondigan eskainiko dute. Larunbatean Hazparneko Haritz Barne Cinéman, eta igandean Hendaiako Cinéma les Variétésen ere egongo da ikusgai.
Pablo Berger zinemagile bilbotarrak zuzendutako, eta besteak beste, Lokiz Films ekoiztetxe nafarraren babesa duen proiektuak Dogen, Manhattanen bizi den txakur bakartiaren, bizipenak ditu oinarri. Izan ere, egun batean robot bat eraikitzea erabakiko du, bere laguna izan dadin. Bien arteko adiskidetasuna handituz joango, udako gau batean, Dogek laguna agurtu beharko duen arte.
Cannesen aurkeztu ostean, Annecyko jaialdian Contrechamp Sari Handia eskuratu zuen; gerora, Toronto, Sitges eta Sevillako zinemaldietan erakutsi dute Robot Dreams. Berriki Europako Zinemaren Akademiak goratu du, eta Hollywoodeko Akademiak animaziozko film luze onenaren finalisten zerrendan sartu du ere; 96. Oscar sarien azken lehian izango da.