Claude Chabroli eskainitako atzera begirakoaz gain, Yasujiro Ozuren harribitxi bat berreskuratuko dute zineklubeko kideek; bi ekoizpen garaikidek osatuko dute eskaintza. Ohi bezala, ZINEAn sarrera bikoitzak zozkatuko ditugu Trueba aretoan egingo dituzten saioetara bertaratzeko.

Kresala Zinekluba-otsaila-zinea

Yasujiro Ozu zinemagile japoniarraren jaiotzaren 120. urteurrena aitzaki, 4K formatuan zaharberritutako Munekata kyodai / The Munekata Sisters (1950) filma Cannesko Zinemaldian aurkeztu zuten 2023ko edizioan, eta aurki zinema aretoetan ikusteko aukera egongo da. Hain zuzen ere, otsailaren 9an estreinatuko dute batean zein bestean, baina Donostian egun batzuk lehenago ikusteko aukera egongo da. Hilaren 6an, Kresala Zineklubaren egitarau berria irekiko du.

Tokion taberna txiki bat duten Setsuko eta Mariko ahizpen istorioa kontatuko du Ozuren harribitxi honek, tradizioaren eta modernitatearen aurpegi bana irudikatuko dutenak. Setsukok, ahizpa zaharrenak, kimono ederrak janztea du gogoko, eta Kiotoko tenpluak bisitatu ohi ditu; gehiegi edaten duen gizon triste batekin ezkonduta dago. Marikok, gazteenak, mendebaldeko estiloko arropa nahiago du, baita bizitzako plazer txikiez gozatzea ere. Bien arteko ezberdintasunak lausotu egingo dira Hiroshi (Setsukoren gaztaroko maitasun handia) bueltan denean. Hala, Mariko kosta ahala kosta saiatuko da Hiroshi eta bere arrebaren arteko grina berpizten.

Hurrengo asteartean, otsailak 13, hotz pixka bat pasatzea tokatuko zaie Trueba aretora gerturatzen direnei. Norvegian girotutako Ellos eatnu – La elva leve (Ole Giaever, 2023) filma emango dute: Esterrek bere nortasuna ezkutatuko du arrazakeria pairatzea ekiditeko. Bat-batean, Altako presa handi baten eraikuntzaren aurkako manifestazioen erdian dagoenean, bidaia pertsonal bat hasiko du lotsa galtzeko balioko diona.

Claude Chabrol frantziarrari eskainitako atzera begirakoak jarraipena izango du hilaren 20an. Isabelle Huppert aktore nagusi duen La cérémonie (1995) egongo da ikusgai: Sophie, emakume eraginkor baina hotz eta kalkulatzailea, Lelièvre andere zorrotzarentzat lanetan hasiko da, giltzen arduradun gisa. Egun batean, Jeanne ezagutuko du, Saint-Maloko Posta Zerbitzuko langile begiluzea, eta bien artean oso harreman berezia sortuko da.

Azkenik, otsailaren 27an, Berlingo Zinema Jaialdian saritua izan zen Disco Boy (Giacomo Abbruzzese, 2023) pantailaratuko dute: Europan zehar bidaia zail bat egin ondoren, Aleksei Parisera iritsiko da eta izena emango du Frantziako Atzerriko Legioan. Kidego militar oso selektiboa da, eta Frantziako pasaportea edozein atzerritarri ematea ahalbidetzen du, baita agiririk gabekoei ere. Niger ibaiaren deltan, Jomo bere herrixkaren biziraupena mehatxatzen duten petrolio konpainien aurka borrokatzen da. Bien bitartean, bere ahizpa Udokak ihes egitea du amets, han dena galduta dagoela jakinda.

Donostiako Gros auzoko Trueba zinema-aretoan egingo dituzte emanaldiak, asteartetan, 19:30etatik aurrera. Ohi bezala, ZINEAn sarrera bikoitza zozkatuko dugu saio bakoizterako. Parte hartu ondoko estekan.