Europa Creativa MEDIAren eskutik, dossier lantegia, gidoi lantegia, koprodukzio lantegia eta prentsa lantegia hartuko ditu zentro donostiarrak. Izen-emate epeak zabalik dira.

europa creativa media-zinea

Ikus-entzunezko alorreko prestakuntza-tailerrak eskainiko ditu Europa Creativa Desk MEDIA Euskadik, Tabakalera – Donostiako Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroarekin lankidetzan. Otsailetik ekainera bitartean lau lantegi zehaztu dituzte, Tabakalerako Ikus-entzunezko Laborategian gauzatuko direnak.

Lehena otsailaren 28an eskainiko dute, eta bertan parte hartu nahi dutenek hilaren 15a baino lehen eman beharko dute izena. ICAAren, Eusko Jaurlaritzaren eta Europa Creativa MEDIAren laguntzetarako txostenak nola sortu eta antolatu izango dute hizketagai industriako hiru profesionalek: Silvia Anoro (ICAAko Ikus-entzunezko Industria Zinematografikoa Sustatzeko zuzendariorde nagusia), Manuel Galarraga (Eusko Jaurlaritzako Kultura Sustatzeko teknikaria) eta Ainhoa González (Europa Creativa MEDIA Euskadiren bulegoko arduraduna).

Bestalde, gidoiak garatzeko tailerra apirilaren 10etik 12ra izango da, eta aldez aurretik egin beharko dute interesatuek eskaria; martxoaren 19a dute epemuga. Blanca Escoda gidoilaria eta gidoi-analista izango da gidaria.

Ekainaren 20an, kazetariekin eta algoritmoekin nola erlazionatu jakiteko eta aurkezteko prentsa lantegia eskainiko dute Maria Guerrak (kazetaria eta Espainiako Zinemako Informatzaileen Elkarteko presidentea) eta Mariaje Gonzalezek (eduki digitalean aditua). Aldiz, data zehatzik jakinarazi ez badute ere, ekainean bertan nazioarteko koprodukzio tailerra egingo da, Donostia Zinemaldiarekin elkarlanean.

2024an zehar beste hainbat tailer aurreikusi ditu Europa Creativa Desk MEDIA Euskadik, oraindik ere argitu ez dituztenak.