Zinema eta bestelako arte diziplinak uztartzen dituen Contactos sailaren barruan, artista bermeotarraren ondarea ezagutaraziko dute. Gainera, AEBetako zinema abangoardistaren ikur nagusienetakoa den Jerome Hilerren lanak egongo dira ikusgai.

Contactos-Punto de vista-zinea

Maiatzaren 6an 100 urte beteko dira Nestor Basterretxea artista jaio zenetik, eta haren ekarpena aldarrikatzeko asmoz, Euskal Herri osoan zehar programa, ziklo eta erakusketa bereziak aurreikusi dituzte. Hain zuzen ere, 20 kultur erakunde eta entitate baino gehiagok bat egin dute XX. mendeko bigarren erdiko lengoaia plastiko eta bisualen berritzaile nagusietako bat izan zenaren ondarea zabaldu eta gogorarazteko; tartean, Punto de Vista – Nafarroako Zinema Dokumentalaren Jaialdia ageri da. Martxoaren 11tik 16ra bitartean ospatuko duten 18. edizioaren baitan, sortzaile bermeotarrari egindako ikus-entzunezko hurbilketa bat proposatuko dute, Oteiza Museoarekin lankidetzan.

Zinema eta bestelako arte diziplinak uztartzen dituen Contactos sailaren barruan, Basterretxeak egindako lan zinematografiko esperimentalak ekarriko dituzte lehen lerrora. Fernando Larrukertekin 1966an zuzendu zuen Alquézar. Retablo de Pasión lanarekin hasiko dute programa, garaiko tradizio erlijiosoen estetika eta formetara eginiko gerturatze espresionista bat proposatzen duena. Era berean, Operación H (1963) emango dute, Basterretxearen eta filmean parte hartu zuen Oteizaren ibilbideetan funtsezkoa izan zena. Ikusgai izango den hirugarren ekoizpena Collage vivo izango da, bermeotarrak 16 mm-tan filmatutako izenbururik eta datarik gabeko film esperimental bat. Obran, aldizkari ilustratuetako hainbat argazki ikus daitezke, baita egileak berak zuzenean egindako collage batzuk ere.

FILMOGRAFIAK | Nestor Basterretxea eta Fernando Larrukert

Azkenik, artistaren lanari eta ibilbideari buruzko bi film motz ikusteko aukera eskainiko dute: Peio Aguirrerek ondutako Un retrato de NB, Basterretxearen bere argazki artxiboaren material originala baliatzen duena; eta Jesús Mari Palaciosek Tarragonako Lan Unibertsitate zaharraren memoriara egindako LABO. Azken honek garaiko irudiak eta arkitekturaren eta hainbat artistak (Basterretxeak barne) eginiko adierazpen plastikoen egungo erregistroak konbinatzen ditu.

Jerome Hiler eta zinema abangoardista

Punto de Vistak adierazi duenez, Contactos sailean AEBetako zinema abangoardistaren ikur nagusienetakoa den Jerome Hilerren lanak programatuko dituzte, bi saiotan. 1964an hasi zen filmatzen, baina intimitatean soilik erakutsi izan ditu sortutako lanak. Koloreen artikulazioa eta gainezarpenak dira Hilerren bereizgarri, beirateen historia eta arte horren praktika sakon aztertzetik eragindakoa.

Jaialdi nafarraren 18. edizioak, besteak beste, Cinema Before 1300 filmaren nazioarteko estreinaldia hartuko du. Harvard Film Archivek ezkoiztu zuen 2022an, eta Hilerrek duela hamarkada batzuetatik hona emandako hitzaldi ospetsuetan oinarritzen da. Europako katedraletako beirateen sorreran eragina izan zuten  lorpen teknologiko, filosofiko eta ekonomikoen inguruko hizketaldiak jasotzen ditu hain zuzen ere. Bestetik, gutxitan ikusgai izan diren bestelako obra osagarri batzuekin osatutako programa berezia atondu dute. Francisco Algarín Navarro izan da saioaren komisarioa, eta ondoko lanak hartuko ditu: Words of Mercury (2010-2011), Marginalia (2016), Bagatelle I (2016-2018) eta Ruling Star (2019).

Contactos sailari buruzko informazio osagarria, HEMEN.