Euskal Herri osoko emakume zuzendari berrien film luzeen proiektuak tutorizatzeko eta laguntzeko Eusko Jaurlaritzak eta Tabakalerak kudeaturiko NOKA Mentoring programak 2024ko deialdia zabaldu berri du. Otsailaren 26ra bitartean aurkez daitezke proposamenak.
NOKA Mentoring programak denbora, espazioa, testuingurua eta akonpainamendu profesionala eskaintzen die zuzendari parte-hartzaileei euren filmen hasierako fasean. Horretarako, ahalik eta osoena izango den zuzendari-txosten bat egiteko baliabide eta laguntza eskaintzen zaie, nazioarteko industria zinematografikoko foro profesionaletan egun eskaintzen diren dirulaguntza batzuk eskuratzeko aukera izan dezaten.
Era berean, prozesuan hiru tutore egongo dira -Jaione Camborda, Virginia Garcia del Pino eta Estibaliz Urresola-, deialdian hautatzen diren proiektuen jarraipena egiteko ardura izango dutenak. Izan ere, bi alderdi nahastuko ditu mentoretza-programak: batetik, sormena bera, film baten ideazio-prozesura heltzeraino; eta, bestetik proiektu horiek merkatuan eta zinemaren industrian txertatzeko beharrezkoak diren moduluen eskaintza. Hautatutako hiru zuzendarietako bakoitzak 4.000€-ko laguntza ekonomikoa jasoko du, proiektua ahalik eta baldintza onenetan garatzeko aukera izan dezan.
Nori zuzendutako deialdia?
EAEn, Nafarroan edota Ipar Euskal Herrialdean jaio zein bizi diren, eta fikziozko edo ez-fikziozko film luze baten proiektua eskuartean duten zuzendari berriei (lehen edo bigarren filma lantzen ari direnak, hain zuzen) eskainitako deialdia da honakoa.
Zuzendari talentudunak eta begirada zinbiematografiko propioa garatzeko gogoa dutenak babestu nahi dira haren bidez; bilaketa-prozesua obraren zati gisa ulertzen dutenak; zirriborratzen hasi diren irudi eta soinu horien zergaitiari buruzko galderak egin nahi dituztenak; beren proiektuetan dimentsio artistiko eta sortzailea ez ezik, zinemaren industrian eta prozesu profesionaletan parte hartzeko beharra integratzen dituztenak; eta baira zinemaren hiru garaiekin -iragana, oraina eta etorkizuna- elkarlotzeko aukera dutenak.
Zinema tradizio artistiko baten parte dela eta, aldi berean, ahots berriak behar dituen industria baten parte dela ulertzeko, begirada anitzen aberastasuna bilatzeko, exigitzeko jarrera hori baloratuko da proiektuak aztertzerakoan.
Ikusi deialdiaren oinarriak xehe, HEMEN.
Aldiz, esteka honetan aurki ditzakezu proposamenak bidaltzeko jarraibideak.