Huhezinemaren azken eguna ospatu zuten iragan larunbatean, hilaren 27an; Ikasle eta Bideoklip sailekin gozatu ondoren, Sail Ofizialeko emanaldiekin eman baitzioten amaiera jaialdiari. Itziar Leemansen Ximinoa filma gailendu zen palmaresean.
“Beste urte batez, jaialdia aurrera atera ahal izan dugu, Euskal Herriko zinemagileei esker. Maila altua izan dugu aurten, nabarmentzekoa izan da ikusleen asistentzia, egunero Arkupe arkupe aretoa betez”, publikoaren erantzuna goratu eta parte-hartzaileen lana eskertu dute antolatzaileek 17. edizioari itxiera emateko zabaldutako adierazpenetan.
Iragan larunbatean izan zuen Huhezinema – Euskal Film Laburren Jaialdiak egun handia eta, ohiko modura, Euskal Herriko zinemagileek zein zinemazaleek lepo bete zuten Aretxabaletako Arkupe aretoan. Sail Ofizialeko proiekzioen ondoren, Kepa Errasti aurkezlearen eskutik 19:30ean heldu zen aitortzarako unea.
Hauek izan dira Huhezinema 17. edizioko sarituak:
HUHEZINEMA SARIA (800€): Ximinoa (Itziar Leemans), klase harremanen bortizkerian, Iparraldeko familia burges baten eta haien haurtzainaren unibertsoan maisuki murgildu gaituelako.
AKTORE ONENA (150€): Eneko Sagardoy eta Zorion Eguilor, bi belaunaldien arteko oreka eta desorekak filmaren mesedera gorpuzteagatik.
HAZI SARIA (600€): Agur Artzai (Julen Zubiete), desagertzeko zorian dagoen artzain baten erretratu berezia egiteagatik eta zuzendariak filmaren bitartez egiten dion omenaldiagatik.
IKUSLEEN SARIA (100€): Deadly Draw (Nitya Lopez)
AUSART SARIA (350€): Normas de higiene (Amaia San Sebastián)
Bideoklip saila
BIDEOKLIP ONENAREN SARIA (300€): Bele-Zerua irabazi (Nitya Lopez), musika taldeko abeslariak aktore bezala egindako lanagatik eta bideokliparen koreografia eta planifikazioagatik.
IKUSLEEN SARIA (100€): Esperoan-Erromintxelak (Nitya Lopez)
Aipaimen berezia: Munlet-Astindu, euskal ikonografia eta ikus-entzunezko elementuak nahasteko trebetasunagatik eta freskotasunagatik.
Ikasle saila
IKASLE LAN ONENAREN SARIA (300€): Noizko Basoa (Mikele Landa), fikzioa edo dokumental etiketetatik haratago, saiakera-zinema proposamen ausarta proposatzeagatik.
MUNDUKIDE SARIA (700€): Kosmospolita (Unax Alcubilla), hezkuntza eta mobilizazio sozialen emaitzak modu originalean uztartzeagatik.
MU SARIA (150€): Beste aldea (Irati alvarez, Itziar Juaristi eta Lorea Elorriaga), bertako gertakari historiko ezagun bat beste ikuspegi batetik kontatzeagatik, eta ikus-entzunezko lengoaia modu eraginkorrean erabiltzeagatik.
IKUSLEEN SARIA (100€): Bakarrik (Oier Markotegi)
Egunez eguneko kronikak: