Euskararen iragan hurbilari errepasoa egiteaz gain, jasandako zapalkuntzari eta altxatzeko grina izan zutenei aitortza egiten dien pelikula goraipatu du komunikazio-taldeak. Urtarrilaren 12az geroztik herri herri ari dira Josu Martinezek zuzendutako fikziozko lana erakusten.
“Herritarren inplikazio handiarekin, [filmaren egileek] memoria ariketa kolektibo baliotsua” egin dutela azpimarratuz, ARGIAko lan-taldeak Bizkarsoro fikziozko lana aitortu du ikus-entzunezko alorrean. Urtarrilaren 26an egin dute sariketaren 35. edizioa, Usurbilgo Atxega Jauregian, eta Josu Martinez zuzendariak, Katti Pochelu ekoizleak eta Hibai Castro argazki zuzendariak jaso dute saria.
Martinezek aldarria ozen botatzeko aprobetxatu du errekonozimendua: “Badago halako uste edo tendentzia bat pentsatzeko euskarak behar duena dela erakargarria izan, ez konfliktiboa, zenbat eta jende gehiagorengana iristeko, jendeak euskaraz egiteko; sexia izan. Hori ere beharko da, baina nire ustez jendeari bihotzera mintzatu behar zaio. Ahazten bazaigu euskara hizkuntza minorizatua dela, zailagoa izango da euskaldun izateko gogoa piztea”.
Bizkarsoro filmeko egileen hitzak, Ikus-entzunezko Argia Saria jaso berritan: “Batzuek uste dute euskarak erakargarria eta ez gatazkatsua izan behar duela, sexy-a, jende gehiagorengana iristeko. Baina jendeari bihotzera mintzatu behar zaio”. #ArgiaSariak2024 pic.twitter.com/tIlsJx5GZb
— ARGIA (@argia) January 26, 2024
Euskal hedabideetako jendea, euskalgintzako eragileak, euskaltzaleak, eta euskal kulturako bestelako ordezkariak, guztiak bildu dira ostiralean Usurbilen, eta guztira, bost arlo nabarmendu dituzte: Ikus-entzunezko sariaz gain, Prentsa saria (Sahara. Herri bat erresistentzian liburua), Entzunezko saria (Ez gatoz Paristik podcasta), Internet saria (gordegia.eus egitasmo herrikoia) eta Kanpaina onenaren saria (Guggenheim Urdaibai Stop plataforma). Denek ere Antton Mendizabal eskultoreak sortutako garaikurra jaso zuten.
Herriz herri, pantaila handian
1914tik 1982ra bitartean gertatzen diren bost istoriok osatzen dute Bizkarsoro filma. Ahozko lekukotzetan eta idatzitako testuetan oinarrituta, XX. mendeari errepaso soziopolitiko, ekonomiko, kultural eta linguistikoa eman dio Martinezek, euskara jomugan duen oldarraldia aspalditik datorren auzia dela erakutsiz. Euskal Herriko edozein herri izan daiteke Bizkarsoro, eta bertako biztanleak, era berean, euskaraz bizitzeagatik jazarriak izan diren euskaldun guztiak dira.
KRITIKA | BIZKARSORO: Euskara behar du herriak
Dokumentalgintzan trebaturiko Josu Martinezek sorturiko filmak 71. Donostia Zinemaldiaren ZINEMIRA atalean ikusi zuen lehenengoz argia, eta etorkizuneko zinemaren habia izateko xedez sorturiko Fif StJeanDeLuz – Donibane Lohitzuneko Nazioarteko Zinemaldian eta Hazparneko Zinegin festibalean erakutsi ostean, urtarrilaren 12az geroztik Euskal Herriko zinema aretoetan ari dira eskaintzen.