20.000 erle espezie eta Robot Dreams drama eta komedia kategoriako film onenak izendatu dituzte, hurrenez hurren. Upon entry-k gidoi onenaren saria irabazi du, eta Arrebato atalean Sobre todo de noche nabarmendu dute.

2000 erle espezie feroz-zinea

Polemikarekin jaiki ginen iragan ostiralean, hiru emakumek Carlos Vermut zinemagile espainiarrari sexu indarkeria egozten ziotela argitaratu baitzuen El Pais egunkariak. Gauean zen 2024ko Feroz sarien gala ospatzekoa, eta ordu batzuk lehenago ezagututako berriak oihartzuna izango zuela espero zen. Baina alfonbra gorrian egindako aipamen bat edo beste kenduta, Espainiako Zinema Berriemaileen Elkarteko presidente den Maria Guerrak baino ez zuen agertokian erreferentzia zuzenik egin.

Sariketa-ekitaldiari dagokionez, euskal zinemagintza izan da aurtengo ekitaldiko erabateko protagonista, aitortza nagusiak bereganatu baitituzte Estibaliz Urresola laudioarraren 20.000 erle espezie eta Pablo Berger bilbotarraren Robot Dreams lanek. Drama kategoriako film onena aukeratu dute haur trans bat protagonista duen istorioa, eta bertan aktore aritu den Patricia Lopez Arnaizi taldeko emakumezko interprete onenaren saria eman diote. Bere aldetik, komedia atalean gailendu da Lokiz Films ekoiztetxe nafarraren animaziozko proiektua. Soinu banda eta kartel onenaren errekonozimenduak ere bereganatu ditu.

Euskal ekoizpena duen Upon Entry (Juan Sebastián Vásquez, Alejandro Rojas) pelikulak gidoi onenaren saria lortu du, eta film iraultzaileak nabarmentzen dituen Arrebato kategorian Victor Iriarte bilbotarraren Sobre todo de noche opera prima aitortu dute.

Zuzendari onenaren saria Juan Antonio Bayonak irabazi du (La sociedad de la noche), eta gizonezko zein emakumezko aktore onenak David Verdaguer (Saben aquell) eta Malena Alterio (Que nadie duerma) izan dira; taldeko gizonezko interpretearen garaikurra La Danik (Te estoy amando locamente) eraman du.

Bere aldetik, Victor Ericeren Cerrar los ojos itzulerako lana zen Feroz sarietarako faborito nagusia, bederatzi izendapen baitzituen, inork baino gehiago, baina zinemagile karrantzarraren lana esku hutsik gelditu da.

Pantaila txikian

Javier Ambrossi eta Javier Calvo sortzaile espainiarren proiektu berriena goretsi du Espainiako Zinema Berriemaileen Elkarteak, telesailei eskainitako aitortzetan. 11 izendapen zituen 71. Donostia Zinemaldian aurkeztu zuten La Mesías dramak, eta 6 lortu ditu. Komedia atalean, bestalde, Poquita fe (Pepon Montero eta Juan Maidagan) gailendu da.

2024ko Feroz sarietako irabazleen zerrenda osatua ezagutu, HEMEN.