Patrick (Sophie Roy, 2023) film kanadarra Zineuskadi Elkartearen Zinema Euskaraz ekimenaren eskutik helduko da gaur Hego Euskal Herriko hainbat aretoetara. Publiko orokorrari bideratua dagoen animaziozko filma euskarara bikoiztuta ikusi ahal izango da.
Patrick izeneko hegal bakarreko tximeleta ausart eta maitagarri bat atoi batean ezkutatzen da bere bizitzako bidaia egiteko. Bere lagunik onenarekin, Marty izeneko beldarrarekin, eta Jenniferrekin, altuerari beldur dion tximeletarekin, ustekabeko heroi bihurtuko da. Baina, horretarako, bere beldur handienari aurre egin eta bere berezitasuna onartu beharko du zoritxarraren gainetik garaile ateratzeko, klima-ereduen aldaketen, gizakien eta mendeku bila dabiltzan hiru txori gaiztoen aurka borrokatzen den bitartean.
Filma, ondorengo ziema-aretoetan ikusi-ahalko da: Golem Alhondiga (Bilbo), Getxo Zinemak (Getxo), Zugaza Zinema (Durango), Florida Zinemak (Gasteiz), Gorbeia Zinemak (Gasteiz), Niessen (Errenteria), SADE Cines Antiguo Berri (Donostia) eta Golem La Morea (Iruñea).
Zinema Euskaraz programari esker
Zineuskadik sustatutako Zinema Euskaraz programaren barruan aurten euskaratutako lehenengo filma da honakoa, baina dagoeneko iragarri dute hurrengo estreinaldia izango dena ere: Museoaren zaindariak (2023), datorren otsailaren 23an.
Euskal ikus-entzunezkoen sektoreari laguntzeko helburua du Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailak bultzatutako programa honek, eta haur zein gazteei zuzendutako pelikulen bikoizketaz arduratzen da, zinemagintzan euskararen hedapena bultzatzearren.