Euroeskualdeko hiru administrazioetako ikus-entzunezko eragile, ekoiztetxe eta profesionalek hainbat enkontru izango dituzte aurten. Besteak beste, martxorako, apiril-maiatzerako eta urrirako aurreikusi dituzte topaketak.
Akitania Berriko, Nafarroako eta EAEko enpresen eta profesionalen arteko harremanak eta ikus-entzunezko proiektuen garapena sustatzeko eta dinamizatzeko asmoz sortutako ZINEMA ZUBIAK programak jarraipena izango du aurten. Egitasmoaren eragile sortzaileetako ordezkariek -Katti Pottelu (Zukugailua), Garaxi Taberna (NAPAR) eta Marian Fernández (IBAIA)- Miarritzen abiatu duten FIPADOC – Festival International Documentaire zinemaldiaren 6. edizioaren baitan 2024an zehar egingo dituzten jardueren berri eman dute.
Euroeskualdearen babesarekin, hiru administrazioetako ekoizleek elkar ezagutu eta koprodukzioak bideratzeko saioak izango dituzte, lehena martxoan, Punto de Vista – Nafarroako Zinema Dokumentalaren Jaialdiaren 18. edizioan. Napar elkarteak antolatutako NaparDocs urteroko topaketaz gain, proiektuak garatzeko, abiarazteko edota proiektuaren beraren prozesuetakoren batean parte hartzeko bazkide edo kolaboratzaileak bilatzen dituzten proiektuak aurkezteko beste jardunaldi profesional bat atonduko dute.
Bestalde, Zukugailua elkarteak eta Baionako L´Atalante Zinemak zinemagile berriei zuzenduriko HEMENDIK egonaldiaren laugarren edizioa gauzatuko dute, Rencontres sur les docks festibalaren harira. Apirilaren 30etik maiatzaren 2ra, deialdian hautatutako zuzendariek beren proiektuari buruzko pitching-ak prestatuko dituzte, jendaurrean aurkezteko.
Aldiz, azaroaren 8tik 15era, ZINEBI – Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiaren 66. edizioak argitaletxeen eta ikus-entzunezko sektorearen arteko topaketa bat hartuko du, liburuak sustatzeko, eta ikus-entzunezkoen arlora egokitu daitezkeen eta eskualdeen arteko enpresa-lankidetza bultzatuko duten istorioak aurkitzeko asmoarekin.
Orain arteko enkontruak
2021eko Donostia Zinemaldian aurkeztu zuten Zukugailuak, IBAIA – Ikus-entzunezkoen Euskal Ekoizle Burujabeen Elkarteak eta Napar egiturek ZINEMA ZUBIAK proiektua, eta hain zuzen ere Zinemaldian bertan, ZINEBI – Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdian eta Punto de Vistan adostu zituzten lehen enkontruak 2022an zehar.
ZINEBIk hartutako topaketan hiru erakunde laguntzaileetako ordezkariekin lanerako mahai bat prestatu zuten, eremu horretan proiektuak garatu nahi dituzten eta aliantzak bilatzen dituzten profesionalek parte hartu zutena. Euroeskualdeko hainbat konpainiaren arteko koprodukzioarekin egindako proiektu amaitu berriak aurkeztu zituzten, eta finantzaketa, koprodukzioa, banaketa gaiak izan zituzten ere hizpide.
Aldiz, Punto de Vistaren baitan gauzatu zuten enkontrua NaparDocs ekimenarekin hasi zuten. Bertan, gidoi eta zuzendaritzari, ekoizpen zein banaketari buruzko hiru mahai-inguru egin zituzten profesionalen arteko eztabaidarako guneak sortuz. Pirinioen bi aldeetan mugaz gaindiko zubiak sortzeko networking saioa ere hartu zuen programak.