Urtarrilaren 26tik otsailaren 23ra bitartean, Europako Ikus-entzuleen LUX Zinema Saria jasotzeko hautagai diren filmak pantailaratuko dituzte, doan: 20.000 erle espezie (Estibaliz Urresola) Fallen Leaves (Aki kaurismaki), On the Adamant (Nicolas Philibert), Smoke Sauna Sisterhood (Anna Hints) eta The Teachers’ Lounge (Ilker Çatak).
Europako Legebiltzarrak eta Europako Zinema Akademiak antolatutako sariketaren 2024ko hitzorduari begira, Golem banaketa-etxeak finalista diren filmak doan ikusteko aukera eskainiko du, Iruñean. Saioak urtarrilaren 26an hasiko dituzte, eta otsailaren 23ra arte film bana emango dute ostiralero Golem Yamaguchi zinema aretoan. Jose Felix Collazos zinema kritikariak aurkeztuko ditu, 20:00etan hasita.
Balore europarren unibertsaltasuna, kultura-aniztasuna edota Europar Batasunaren eraikuntza prozesua ardatz dituzten filmak goratzeko asmoz sortu zuten Europako Ikus-entzuleen LUX Zinema Sariaren egitasmoa 2007an, eta aurtengo ekitaldian euskal zinemagintzak ordezkaritza izango du.
Estibaliz Urresolak zuzendutako 20.000 erle espezie lana aitortza jasotzeko hautagaia da, beste lau filmekin batera: Fallen Leaves (Aki kaurismaki), On the Adamant (Nicolas Philibert), Smoke Sauna Sisterhood (Anna Hints) eta The Teachers’ Lounge (Ilker Çatak).
Ikus-entzule europarrek 2024ko apirilaren 14ra arte dute boza emateko aukera, eta horretarako, Europako Batzordearen eta Europa Cinemas erakundeen laguntzarekin ikustaldi publikoak atondu dituzte han eta hemen. Bada, Hego Euskal Herrian Iruñeko Golem Yamaguchi aretoak film finalistak ikusteko saioak hartuko ditu datozen ostiraletan. 20:00etan hasita, Jose Felix Collazos zinema kritikariak aurkeztuko ditu:
- Urtarrilaren 26an: The Teachers’ Lounge (Ilker Çatak)
- Otsailaren 2an: 2000 erle espezie (Estibaliz Urresola)
- Otsailaren 9an: Fallen Leaves (Aki kaurismaki)
- Otsailaren 16an: Smoke Sauna Sisterhood (Anna Hints)
- Otsailaren 23an: On the Adamant (Nicolas Philibert)
Ikus-entzule europarrak ez dira azken erabakian zeresana izango duten bakarrak. Eurodiputatuen iritziaren osagarri izango dira herritarren bozak. Ebazpenaren berri martxoan bertan Europako Legebiltzarrean egingo duten ekitaldi berezian emango dute, apirialren 16an. Proiektu irabazleak Europar Batasuneko 24 hizkuntzetan azpitituluak sortzeko laguntza jasoko du, besteak beste.