Klasiko arrakastatsuak izango dira nagusi Tabakalera – Donostiako Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak aste honetan eskainiko duen zinema-programazioan: The Man Who Shot Liberty Valance (John Ford, 1962), Blade Runner (Ridley Scott, 1982), Out of Africa (Sidney Pollack, 1985) eta Hellhole (Bas Devos, 2019).

Helburu argi batekin diseinatu du Tabakalera – Donostiako Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak 2024rako zinema eskaintza: ikus-entzule berriak erakartzea. Donostia Kultura, Donostia Zinemaldia, Euskadiko Filmategia, Elías Querejeta Zine Eskola eta Tabakalera bera dira urte osoko partekatutako pantailaren egitaraua atontzen duten erakundeak, eta pelikula zikloak, atzera begirakoak eta programa desberdinak eskainiko dituzte urtarriletik abendura bitartean.

Hain zuzen ere, hilaren 11n ekin diote urte berriko jardunari. 2024a, Zinema eta Zientziaren zazpigarren edizioak abiatu du, dilema zientifiko sakonenetan murgiltzeko aukera eskainiaz publikoari. Horrekin batera, Nosferatu zikloak western garaikidearen agertoki zabaletara egingo du bidea. Abendura bitarte, genero klasiko horren trantsizioaren azterketa egiteko plaza izango da. Era berean, Gazteak zinean aukeraketak Euskal Herriko Unibertsitateko ikasleek programaturiko filmak ekarriko ditu pantaila handira, eta Bas Devos zinemagile belgikarrari eskainitako atzera begirakoak sorkuntza zinematografikoaren kolektibotasunean ipiniko du fokua.

Horietariko bakoitzaren emanaldi bat programatuko dute astero Tabakalera zentroko pantaila partekatuan. Hala, klasiko arrakastatsuak izango dira nagusi datozen egunetan:

Urtarrilak 24 |The Man Who Shot Liberty Valance (John Ford,1962) – NOSFERATU: WESTERN GARAIKIDEAK

Urtarrilak 25 | Blade Runner (Ridley Scott, 1982) – GAZTEAK ZINEAN

Urtarrilak 26 | Out of Africa (Sidney Pollack, 1985) – ZINEMA ETA ZIENTZIA

Urtarrilak 27 | Hellhole (Bas Devos, 2019) – BAS DEVOS ATZERA BEGIRAKOA

 

Esteka honetan eskura ditzakezu emanaldi guztietarako sarrerak: https://sarrerak.tabakalera.eus/index.php