Hego Euskal Herriko 200.000 bezero baino gehiagorengana iritsiko da aurrerantzean plataforma. 3.000 atal baino gehiago daude bertan ikusgai.
PRIMERAN – Euskarazko eta euskal edukien streaming plataforma Grupo MASMOVIL taldearen baitako Euskaltel eta Guuk telekomunikazio-operadoreetan jarri dute eskuragarri. Ondorioz, Hego Euskal Herriko 200.000 bezero baino gehiagok zuzenean erabili ahal izango dute, telebistako deskodegailuaren urrutiko agintean botoia txertatu baitute. Arduradunek nabarmendu dutenez, “deskodegailuaren aplikazioen menuan jada agertzen da”.
2023ko irailaren 15ean jaio zen “mundura zabalik dagoen euskal leiho digital berria”, eta SmartTV ezagunenetan, Android TVn eta Apple TVn, eta Google Play eta iOS gailuetako store-etan deskargatzeko aukera ezarri zuten, baita www.primeran.eus webgune berezia sortu ere. Bada, euskal parte hartzea duten ikus-entzunezko proiektuek zein nazioartekoek osatutako doako eskaintza dago eskuragarri ordutik, ia denak euskaraz edo euskal azpidatziekin. Guztira, 3.000 atal baino gehiago daude bertan ikusgai, eta zerbitzurako propio sortutako edukiak ere hartzen ditu.
Besteak beste, El vasco (Jabi Elortegi, 2022), Errementari (Paul Urkijo, 2028), Nora (Lara Izagirre, 2020) eta Bazen behin Euskadin (Manu Gomez, 2021) fikziozko film luzeak barneratzen ditu plataformak, baita Izaro: Limoiari Eztia (Izaro Andres Zelaieta eta Ander Merino Etxebeste, 2022), Bidasoa 2018-2023 (Fermin Muguruza, 2023) edota Iribar, atezaina (Oier Plaza, 2023) dokumentalak ere.
Telesailei dagokienez, lehen estreinaldi handia irailaren 28an ospatu zuten, Donostia Zinemaldiko EiTB galan aurkeztu zuten Itxaso (Antonio Díaz Huerta) thrillerrarekin. Ostean etorri dira Porno Belaunaldia (Generación Porno) dokumental saila eta Berpiztu (Fermin Aio, 2022) lanetik abiatutako lau ataletara egokitutako telesaila, Kepa Junkera trikitilariari buruzkoa.