O Corno (Jaione Camborda) eta Sobre todo de noche (Victor Iriarte) filmek Somos Cine saria jaso dute. Maite Arroitajauregiren musika sorkuntza nabarmendu dute ere, besteak beste.
RTVE Espainiako Irrati Telebista Publikoaren baitako Días de Cine telebista saioak XI. sariak banatu ditu bart, Madrilgo Museo Reina Sofía museoan. Hitzorduaren aurretik dagoeneko jakina zen bezala, erredakzio-taldeak Jaione Camborda zinemagile donostiarraren O Corno eta Victor Iriarte bilbotarraren Sobre todo de noche filmak aitortu ditu Somos Cine 2023 sariarekin, eta azken honetako musika konposatu duen Maite Arroitajauregik soinu banda onenaren errekonozimendua jaso du.
Ez dira Euskal Herriko zinemagintzarentzako laudorio bakarrak izan. Izan ere, Pablo Bergerrek zuzendutako eta ekoizpen nafarra duen Robot Dreams izendatu dute animaziozko lan onena. Ikus-entzuleek, beren aldetik, Arantxa Echevarriaren Chinas izan dute gogoko.
Gainerako sarituak
Espainiar zinemagintzari ohore egitea du helburu Días de Cine telebista saioko ekitaldiak, hala, industriako profesionalak goratu zituzten atzo RTVE Play plataforma bidez zuzenean ikusgai izan zen galan. Lurraldeko lan onena Te estoy amando locamente (Alejandro Marin) aukeratu dute, David Verdaguer (Saben aquell) gizonezko aktore onena, eta Malena Alterio (Que nadie duerma) emakumezko aktore onena.
Aitortza bereziak jaso dituzte, gainera, La mala familia zuzendu duten Nacho A. Villar eta Luis Rojok (Vida en Sombras saria), Pedro Mari Sanchez (Elegidos para la Gloria saria), Mario Pardo (El Resplandor saria) eta Andrea Trepatek (Ha Nacido una Estrella saria) aktoreek, eta Rocio Mesa zinemagileak (El Futuro es Mujer saria).
Nazioarteko zinemagintzari ere erreparatu diote. The Quiet Girl (Colm Bairéad) ekoizpen irlandarra izan da nagusi, eta Paul Mescal (Aftersun) zein Antonia Zegers (El castigo) interprete onenak.