Espainiako lurraldean garatu diren 2023ko kultura-jarduera onenen artean ageri dira bi festibalak. 414 profesionalek parte hartu dute Contemporánea Fundazioaren Kulturaren Behatokiak urtero egiten duten azterketan.

Kultura Behatokia-2023-zinea

Donostiako Zinemaldia 2023ko Hego Euskal Herriko kultura-ekimen nagusia bilakatu da enegarrenez. Contemporánea Fundazioaren Kulturaren Behatokiak urteroko txostena argitaratu berri du, eta festibalak eutsi egin dio azken urteetako efemerideari. Iragan aldiko laugarren kultura-ekimen nagusia izendatu dute Espainiako lurraldean -Madrilgo Prado Museo Nazionala, Sofia Erregina eta Thyssen-Bornemisza museoak ditu aurretik-, eta konpromiso sozialean eta garapen iraunkorrarekin lotutako proiektu eredugarrien atalean aurrera egin du, 19.etik 12.era.

IRAKURRI | 71. Donostia Zinemaldiko jarraipena

Baina Donostia Zinemaldia ez da zerrendan ageri den festibal bakarra. Izan ere, aurreko aldietan ez bezala, Punto de Vista – Zinema Dokumentalaren Jaialdiak 100 egitasmo onenen artean sartzea lortu du (70. postuan); Hego Euskal Herriko bigarren festibal nagusia bilakatu da, eta Nafarroako lurraldeko zerrendan zortzigarrena izatetik bigarren izatera pasatu da.  Aldiz, ZINEBI – Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak ez du tokirik zerrenda orokorrean; bai ordea Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa batzen dituen autonomia erkidegoko kultura-eskaintzarenean. 13. postuan ageri da.

IRAKURRI | 17. Punto de Vista jaialdiaren jarraipena

Kultura digitalari dagokion atalean, Filmin da nagusi, eta Netflix, HBO MAX atzetik ditu. PRIMERAN euskarazko eta euskal edukien streaming plataforma sortu berria ez dute sartu, ezta 2023ko berrikuntzen atal berezian ere.

Kultura-ekimenen azterketa txostena

2009az geroztik, autonomia erkidego bakoitzeko eta hiriburuetako erakundeen eskaintzak sailkatuta, interes orokorreko zerrendak osatzen ditu Contemporánea Fundazioaren Kulturaren Behatokiak, ikusgarritasuna eman eta horiek errekonozitzeko asmoz. Izan ere, sektorearen egoera aztertzeko, joerak analizatzeko, eztabaida sustatzeko eta gabeziak zein aukerak identifikatzeko tresna bat da behatokia.

2020an pandemiak eragindako etenaldiaren eta kulturak jasotako kolpe latzaren ondorioz, ez zuten Espainiako lurraldean garatzen diren kultura-jardueren azterketa sakonik egin, baina galdeketa eta ikerketa berreskuratu zuten 2021ean, eta ordutik urteroko datuen berri eman dute. 2023ko azken galdetegian 414 kidek parte hartu dute (% 46,5 erakunde kultural publiko bateko langileak dira; % 36,1, erakunde kultural pribatu batekoak eta % 17,4, sektoreko profesional independenteak), eta dagoeneko, txostena argitaratu dute.

Ezagutu Contemporánea Fundazioaren Kulturaren Behatokiak argitaratutako txostena, hemen.