Nosferatu zikloak western garaikidearen agertoki zabaletara egingo du bidea 2024an. Gaur hasi eta abendura bitarte, genero klasiko horren trantsizioaren azterketa egiteko plaza izango da, 1962tik 2021era bitartean sortutako generoko filmen bidez.

Gaur, urtarrilaren 17an, 19:00etan abiatuko dute Tabakaleran Nosferatu ziklo berria, USA western garaikidea 1962-2021, Sam Peckinpah zuzendari duen Ride the High Country (1962) filmaren proiekzioarekin. Hala, Polar frantziarraren lekukoa hartuko du AEBko genero mitikoak, eta 1962tik 2021era bitartean sortutako generoko filmekin osatuko dute filmen eskaintza, Institut Valencià de Cultura – Filmoteca de la Generalitat Valencianaren lankidetzan antolatutakoa.

Arestian aipatu bezala, Ride the High Country (1962) filmak emango dio hasiera, eta western krepuskularraren sei hamarkadak hartuko ditu bere gain: Eragin europarra daukaten dirty westernak; “indarkeriaren belaunaldia” deitu izan dena osatzen duten zinemagileei egindako hurbilketa (Richard Brooks, Don Siegel) edo “Hollywood berria” (Robert Altman, Michael Cimino); 80ko hamarkadan generoa biziberritzeko egindako saialdiak –Silverado (Lawrence Kasdan, 1985)– eta 90ekoan –Dances with Wolves (Kevin Costner, 1990)–; Unforgiven (Clint Eastwood, 1992) filmak publikoaren eta kritikaren artean izandako izugarrizko arrakastak ekarri zuen bultzada… edota, garai hauetara hurbilduta, Kelly Reichardt –First Cow (2019)– edo Jane Campion –The Power of the Dog (2021)– zuzendarien lanetaraino.

Bestela azalduta, ondoko zinemagileen lanak egongo dira ikusgai: Peckinpah, John Ford, Henry Hathaway, Richard Mulligan, John Sturges, Richard Brooks, Kevin Costner, Kevin Costner, Clint Eastwood, Kelly Reichardt edota Jane Campion.

 Honakoa duzue zikloaren lehen hiruhilekoaren programazioa:

  • Urtarrilak 17| Ride the High Country (1962)
  • Urtarrilak 24 | The Man Who Shot Liberty Valance (1962)
  • Urtarrilak 31 | Rio Conchos (1964)
  • Otsailak 7 |The Sons of Katie Elder (1965)
  • Otsailak 14 | The Professionals (1966)
  • Otsailak 21 | The Shooting (1966)
  • Otsailak 28 | Hour of the Gun (1967)
  • Martxoak 6 | The Stalking Moon (1968)
  • Martxoak 13 | Tell Them Willie Boy Is Here (1969)
  • Martxoak 20 | The Wild Bunch (1969)
  • Martxoak 27 | Mackenna’s Gold (1969)

Liburuak, ere bai

Ohi bezala, zikloaren baitako bi liburu argitaratuko dira: Carlos Aguilarek eta Pablo Fernándezek koordinatutako Western USA 1962-1992, Nosferatu Bildumako 20. alea (gaztelaniaz) -gaurko saioan aurkeztuko da-; eta Iñigo Marzabal EHUko irakasle eta ikerlariak koordinatutako euskarazko 12. argitalpena, urte amaieran kaleratuko dena.