Urtarrilaren 31ra arte dute interesatuek Larrotxene Bideon eta Ernest Lluch Kultur Etxean eskainiko dituzten ikus-entzunezko ikastaroetan matrikulatzeko aukera.
Urte berria hastearekin batera, Donostia Kulturak 2023-2024 ikasturteko ikastaroetan izena emateko bigarren deialdia zabaldu du. Uztailean aurkeztu zituzten 531 proposamenak eta urrian abiatu zuten lehen eskaintza; aldiz, otsailetik ekainera bitartekoei ekiteko garaia da orain.
Ikus-entzunezko alorrean, hainbat izango dira ikastaroak. Lehen urratsak eman ala trebakuntza gehigarria eskuratu nahi dituen orori zuzendutako saioak eskainiko ditu, ohi bezala, Larrotxene Kultur Etxeak. Bestetik, zinemaren historiako zinemagile, aro edota genero garrantzitsuenak gogora ekarriko dituzte Ernest Lluch kultur etxean.
Jarraian dituzue ikus-entzunezkoekin lotuta edukiera bete gabe duten ikastaroak:
- Color Grading Davinci Resolvere, Unai Rosenderen eskutik (Larrotxene Bideo). Ikastaroak ikus-entzunezko postprodukzioan kolore-zuzenketaren artea menderatzeko behar diren ezagutza teoriko eta praktikoak eskaintzea du helburu.
- Lokalizazio-esplorazio-zinema eta espazioa, Maider Oleagaren eskutik (Larrotxene Bideo). Espazioen garrantzia landuko da sormen ariketa kolektiboa proposatuz Intxaurrondoko auzoan bertan garatzeko.
- Zer da eta nola sortzen da soinu banda bat, Joseba Beristainen eskutik (Larrotxene Bideo). Parte-hartzaileek soinu-banda bat nola sortzen den ulertzen ikasiko dute, definiziotik grabaziora, konposiziotik pasatuta.
- Zinema zuzendaritza, Pablo Maloren eskutik (Larrotxene Bideo). Zinema zuzendaritzan sakonduko dute, eta errodaje baten plangintza egiten ikasi: aurreprodukziotik hasi eta bukaerako kopiara iritsi arte. *Azken tokiak
- Zinearen historia: Nouvelle vague, Japoniar zine klasikoa, Prokulturako irakasle taldearen eskutik (Ernest Lluch). Europako eta Ekialdeko espazio zinematografiko narratiboan murgiltzeko ikastaroa.
- Zuzeneko soinua eta audio-diseinua, Xanti Salvadorren eskutik (Larrotxene Bideo). Zuzeneko soinua kapturatzeko teknikak aztertzeko eta soinu-nahasketak, audio-giroak eta unibertso narratibo soinudunak sortzen ikasteko ikastaroa. *Azken tokiak
Izen-ematea
115 eta 238 euro arteko kostua dute ikastaroek, iraupenaren arabera (Donostia Kulturako harpidedunek deskontuak eskura ditzakete). Izen-emate hiritar guztientzat dago irekita, eta bi epetan egin daiteke, ikastaroaren hizkuntzaren arabera (edozein kultur etxetan eta Donostia Kulturaren webgunean). Hala ere, euskaraz zein gaztelaniaz izan, epemuga urtarrilaren 31 da.
Ezagutu ikastaroen zerrenda osatua, HEMEN.