Cristobal Balentziaga (Getaria, 1895 – Javea, 1972) jostunari buruzko telesailaren lehen hiru atalak aurkeztu eta proiektatuko dituzte urtarrilaren 22an, Victoria Eugenia antzokian. Moriarti ekoiztetxeko Jon Garañok, Jose Mari Goenagak eta Aitor Arregik zuzendutako lana da, eta Disney Plus plataforman estreinatuko da hilaren 19an.

Jostunaren bizitzako hainbat pasarte izango ditu hizpide: 36ko gerratik, jostunak modaren industriaren egin zituen lehen urratsetara. Izan ere, Gerra Zibila lehertzearekin Parisera ihes egin zuen jostunak. Bilintx-en ilobak, Nicolas Bizkarrondok, bere bizilagunak, lagundu zion Parisen hutsetik hasten. Donostiako langileek, aldiz, Eisa izenarekin jarraitu zuten lanean, Askatasunaren hiribideko dendak 1968an itxi zuen arte. Gerra amaitzean, lanari ekin zion berriz ere, eta Bizkarrondoren laguntzari esker sortu zuen Avenue George V hiribidean, Parisen, Balentziaga etxea.

Hainbat kapituluko telesail formatuan zabalduko du Disney Plus plataformak eta, aurreikusitakoaren arabera, datorren urtarrilaren 19an estreinatuko dute. Gaztelerazko fikzioa izango da, elkarrizketa batzuk euskaraz izango baditu ere.

Online estreinaldiaren paralelo, ordea, Getariako jostunari buruzko telesailaren lehen hiru atalak aurkeztu eta proiektatuko dituzte Victoria Eugenia Antzokian, Crossover Festibalaren eskutik. Emanaldia urtarrilaren 22an izango da, 19:00etan, eta bertan izango dira Aitor Arregi, Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga zuzendari eta gidoigileak, Alberto San Juan (Cristóbal Balenciaga), Cecilia Solaguren (haren emaztea, Virgilia Mendizabal) eta Josean Bengoetxea (Nicolas Bizkarrondo enpresaburu donostiarra) aktoreak, bai eta Alberto Iglesias konpositorea ere.

Ekitaldirako gonbidapenak astearteko 11:30etik aurrera egongo dira eskuragarri, Victoria Eugenia antzokiko leihatilan eta Donostia Kulturaren webgunean.

Anbizio handiko proiektua

2022ko ekainean abiatu zituzten errodaje lanak Donostian. Igeldo mendian eta Nautikoan aritu ziren orduan, eta Euskal Herriko beste hainbat txokotan izan dira ostean: Getarian, Irunen, Azpeitian, Hondarribian, Gasteizen, Biarritzen, Iruñean eta Balmasedan.

Udako hilabeteetan zehar luzatu zen filmatzea Balentziagaren ibilbidean esanguratsuak izan diren beste leku batzuetara ere aritu ziren: Madril (Espainia), Paris (Frantzia) eta Okzitaniako Tolosa (Frantzia) eta Bordele (Frantzia).

Arestian aipatu bezala, Alberto San Juan aktore espainiarra jarri da Cristobal Balentziaga protagonistaren azalean, Cecilia Solaguren haren emaztea Virgilia Mendizabalenean eta Josean Bengoetxeak bete du Nicolas Bizkarrondo enpresaburu donostiarraren papera.

Zuzendaritza lanak, aldiz, Moriarti ekoiztetxeko Jose Mari Goenagak, Jon Garañok eta Aitor Arregik osatutako hirukoteak hartu ditu bere gain. Era berean, Lourdes Iglesias profesionalaren laguntza izan dute gidoilari gisa eta filmaren sorkuntza prozesua; Bina Daigeler aritu da jantzien arloko zuzendari gisa; Karmele Soler izan makillaje-burua eta Xabier Berzosa ekoizle exekutiboa.