Estibaliz Urresola Solaguren zuzendariaren 20.000 erle espezie (2023) lanak Iberoamerikako Aipamen Berezia jaso du Palm Springseko Nazioarteko Zinemaldiko epaimahaiaren eskutik. 2024ko otsailaren 10ean ospatzekoa den Goya sarien ekitaldian izango du loria eskuratu ahal izateko hurrengo hitzordua.
Palm Springseko Nazioarteko Zinemaldia izen bereko Kaliforniako hirian ospatzen den hitzordua da. 1989an abiatu zuten proiektua, garai hartan hiriko alkatea zen Sonny Bono abeslariaren ekinez. Palm Springseko Nazioarteko Zinema Elkarteak antolatzen du, ekainean ospatu ohi den Palm Springs International ShortFest film laburren jaialdiarekin batera.
Nagusiki film amerikar independenteei eskainia dagoen arren, nazioarteko zinema argitara ematea izan zuen sortze helburua. Bide horretan, mundu mailan arrakasta izandako filmak hartzen ditu urtero bere programazioaren baitan. Hala, Estíbaliz Urresola Solaguren zuzendariaren 20.000 erle espezie (2023) lana erakutsi dute aurten, eta baita saritu ere. Abiapuntu gisa, Berlingo Nazioarteko Zinermaldian estreinaturiko fikziozko film luzeak Iberoamerikako Aipamen Berezia jaso du Palm Springseko Nazioarteko Zinemaldiko epaimahaiaren eskutik. Beste sari bat jada betetzen hasia den zakura, beraz.
Hurrengo hitzordua, Goya sarien ekitaldian
2024ko otsailaren 10ean banatuko ditu Espainiako Zinema Akademiak 38. Goya sariak, eta euskal zinemagintzak zeresana izango du. Anna Castillo eta Luis Tosar aktoreek argitu zituzte 28 ataletako finalistak, eta gainerako ekoizpenen gainetik, nabarmen, 20.000 erle espezie filma ageri da: 14 kategoriatan da estatuatxoa lortzeko hautagaia. Besteak beste, film onenaren, zuzendari berri onenaren (Urresola), emakume aktore protagonista onenaren (Patricia Lopez Arnaiz) edota taldeko emakume aktore onenaren (Ane Gabarain eta Itziar Lazkano) aitortzak jaso ditzake Valladoliden egingo duten ekitaldian.
Arestian aipatu bezala, Berlingo Nazioarteko Zinema Jaialdian hasi zuen filmak bere ibilbide arrakastatsua, eta 200 sari baino gehiago irabazi ditu dagoeneko. Belinen, sail ofizialeko interpretazio onenaren Zilarrezko Hartzarekin aitortu zuten Sofia Otero protagonista, baina aktore basauriarrak ezin izango du oraingoan taula gainera igo, oinarriek ahalbidetzen duten gutxiengo adinera ez baita iristen. Hala ere, proiektuaren parte izan diren beste hainbat kide txalotzeko aukera izango dugu.
Jarraian dituzue 20.000 erle espezie filmaren hautagaitza guztiak:
- Film luze onena: 2000 erle espezie (Gariza Films, Inicia Films eta Sirimiri Films)
- Zinemagile berri onena: Estibaliz Urresola Solaguren
- Emakume aktore protagonista onena: Patricia Lopez Arnaiz
- Taldeko emakume aktore onena: Ane Gabarain eta Itziar Lazkano
- Taldeko gizonezko aktore onena: Martxelo Rubio
- Jatorrizko gidoi onena: Estibaliz Urresola Solaguren
- Soinu onena: Eva Valiño, Koldo Corella, Xanti Salvador
- Argazki zuzendaritza onena: Gina Ferrer García
- Arte zuzendaritza onena: Izaskun Urkijo
- Efektu berezi onenak: Mariano García Marty, Jon Serrano, David Heras, Fran Belda, Indira Martín
- Jantziteria diseinu onena: Nerea Torrijos
- Makillaje eta ile-apainketa onenak: Ainhoa Eskisabel, Jone Gabarain
- Ekoizpen diseinu onena: Pablo Vidal
- Muntaketa onena: Raul Barreras