2024ko urtarrilaren 1etik 2024ko abenduaren 31ra, Tabakalera zentroko zinema programazioaz gozatzeko aukera ematen duen zine-bonua eskuratzeko azken egunak dituzue honakoak. Urtarrilaren 31ko 12:00etara bitartean eros daiteke, bai Tabakaleraren webgunean eta bai zentroko informazio-puntuan.

Helburu argi batekin diseinatu du Tabakalera – Donostiako Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak 2024rako zinema eskaintza: ikus-entzule berriak erakartzea. Donostia Kultura, Donostia Zinemaldia, Euskadiko Filmategia, Elías Querejeta Zine Eskola eta Tabakalera bera dira urte osoko partekatutako pantailaren egitaraua atontzen duten erakundeak, eta pelikula zikloak, atzera begirakoak eta programa desberdinak eskainiko dituzte urtarriletik abendura bitartean.

Hain zuzen ere, hilaren 11n ekin diote urte berriko jardunari. 2024a, Zinema eta Zientziaren zazpigarren edizioak abiatu du, Oppenheimer (Christopher Nolan, 2023) filmarekin. Gainera, zinemaren eta literaturaren arteko harremanean sakontzeko aukera egongo da, Marguerite Duras idazle eta zinemagilea ardatz. Saioak Euskadiko Filmategiaren egoitzetara zabalduko dira, eta gonbidatu bereziek aurkeztuko dituzte. Urtarrilean bertan, eta otsailera bitartean, Bas Devos zuzendari eta gidoilari belgikarraren filmografia osoa ikusteko aukera eskainiko dute.

Udaberrian, Klasikoak zikloa izango da ikusgai, maisulanak berreskuratzeko asmoz pentsatutakoa. Uztailean Jazzinemak girotuko du aretoa, eta Euskal Emakume Zinegileak IV programarekin agurtuko dute urtea. Aldiz, zinemagileen eta ikusleen arteko hurbilketa sustatuz, Kontatutako zineaKamaleoiak Gara! edota Zinema garaikidea proposamenek jarraipena izango dute.

Era berean, EQZEko 2023-2024 ikasturteko komisariotza espezialitateko zein EHUko ikasleak zinemako programa publiko bat aurkeztuko dute. Gainera, NEST, Noka eta Ikusmira Berriak programak martxa hartuko dute.

Azkenik, Zinemaldia + Plus eta Z365 programen baitan, urte osoan zehar zinema eskaintzak ez du etenik izango. Otsailean, European Climate Foundationekin elkarlanean antolatutako jasangarritasun-proiektuarekin lotutako saio bat egingo da, klima-aldaketarekin lotutako narratiba alternatiboei buruz hausnartzeko.

Apirilean film laburrak izango dira protagonista, eta José Ángel Herrero-Velarde beken lehen edizioaren ondotik sortutako ikerketen aurkezpenak ere egingo dituzte. Irailean, Donostia Zinemaldiko Donostia Sarien filmografiarekin lotutako proiekzioak jasoko ditu Tabakalerak.

Zinema bonuak eskuratzeko azken egunak

2024ko urtarrilaren 1etik 2024ko abenduaren 31ra (biak barne) zinema programazioaz gozatzeko aukera ematen duen zinema-bonua salgai jarri du Tabakalerak beste urte batez. 120 euroren truke, 40 saiotara bertaratzeko eskumena izango dute eskatzaileek, baita Western USA 1962-1992, Nosferatu Bildumako 20. alea (gaztelaniaz) edota iazko zikloko Polar Frantziarra  (Iñigo Marzabal) euskarazko liburua doan eskuratzekoa ere.

Bonua 2024ko urtarrilaren 31ko 12:00etara bitartean eros daiteke, bai Tabakaleraren webgunean eta bai zentroko informazio-puntuan. Egun eta ordu horretan irekiko da, halaber, urtarrileko eta otsaileko proiekzioei dagozkien ohiko sarreren salmenta.

Zine-bonuaren erabilera baldintzak eta hura eskuratzeko plaza, jarraian.