Jaialdiaren sail orokorretan eta Culinary Zinema atalean parte hartu nahi duten filmen arduradunek ekainaren 17ra arte izango dute proposamenak bidaltzeko aukera.

72ssiff-deialdia-zinea

Donostia Zinemaldia hasi da 2024ko edizioa prestatzen. Irailaren 20tik 28ra bitartean izango da, eta bertan lehiatuko edo erakutsiko dituzten filmak proposatzeko deialdia zabaldu dute dagoeneko. Sail orokorretan eta Culinary Zinema atalean parte hartu nahi dutenek online izen-ematea gauzatzeko aukera dute.

Jaialdiaren webgunean bildu dituzte parte-hartze oinarriak, sail ezberdinen arautegiak eta inskripzio formularioa. 2024ko ekainaren 17ra arte aurkeztu ahal izango dira proiektuak, orduan amaituko baita lehen hautaketarako film luzeen onarpena.

2018an sinatutako parekidetasunaren eta inklusioaren aldeko gutunaren eraginez, filmean parte hartzen duten zenbait kargudunen generoa zehaztu beharko da filmak inskribatzerakoan. Helburua, film hautagai zein hautatuen inguruko datuak biltzea da, emakumezko partaideak dituzten proiektuen presentziaren gaineko datu fidagarri eta egiazkoak izateko.

Oraingoz, WIP Latam, WIP Europa eta Nest ez diren gainerako sailetan parte hartu nahi duten filmek eman ahalko dute izena. Aipatutako sailetako izen-emateak ekainean irekiko dituzte, beraz, ez dira orain erregistratu behar.

Ikusi parte hartzeko arauen inguruko informazio guztia, sail ezberdinetako arautegiak eta izen-emateko online inprimakia, hemen.