Aitor Lopez de Aberasturi zinemagile arabarrak bi diziplina artistikoon arteko lotura sinbiotikoaz hitz egingo du. 19:30ean hasiko da saioa, eta gaztelaniaz izango da. Sarrera doan da, edukiera bete arte.

Zinema eta pintura-zinea

“Pintura, ikusizko arte estatiko gisa, eta zinema, mugimenduan dagoen kontakisun gisa. Pinturan, une, emozio eta narratiben irudikapena ikusten dugu hainbat euskarritan. Aitzitik, zinema proiekzio gisa aurkezten da, eta argia, soinua eta konposizioa erabiltzen ditu istorioak sortzeko. Zerk bultzatzen du zinema bere inspirazioa pinturan aurkitzera?”

Galdera honi erantzuna eman nahian, zinemaren historian pinturak izan duen eragina, erakarpen historikoa eta harremana aztertuko ditu, gaur, Aitor Lopez de Aberasturi sortzaileak, Gasteizko ZAS Kultur Espazioan. 19:30ean hasiko da hitzaldia, eta gaztelaniaz izango da. Sarrera doan da, edukiera bete arte.

Bi arte diziplinon arteko elkarrizketan ardaztuz, “zinemak, hasieratik gaur egunera arte, pinturan ikusizko estimulu eta estimulu narratiboen iturri etengabea nola aurkitu duen” izango du mintzagai, Rembrandt, Caravaggio eta J.M.W. Turner margolari ezagunen lanek F.W. Murnau, Peter Weir, Stanley Kubrick edo Akira Kurosawa zuzendariengan utzitako arrastoa erakutsiz.

Gai artistikoen atenporalitatearen bidez dimentsio emozionalak eta filosofikoak jorratzeko pintura nola erabili izan den jorratuko du Lopez de Aberasturik gaurko saioan: “Mundu surrealistak gogora ekartzetik hasi eta maisulanak pantailan birsortzeraino, zinemak bere trebetasuna erakutsi du, esentzia piktorikoa narratiba zinematografiko batera itzultzean”.

Ibilbide profesionala

Zinemagile, gidoilari, muntatzaile eta ekoizle independentea da Lopez de Aberasturi. Gasteizen bizi da, eta hiriko ekosistema kulturala erretratatzen eraiki du bere ibilbide profesionala.

Bere lanen artean, gainera, pinturari, eta arteari orokorrean, egindako hurbilketak izan dira nabarmen. Besteak beste, David F. Brandoni buruzko The Scale of an Obsession (2016) eta Gustavo Adolfo Almarcha margolariari buruzko Buruak (2020) film labur dokumentalak sortu ditu. Berriki, Bingen Mendizabal zinema musikagilearen bizitza eta obra aztertzen dituen Bidean jarraituz (2023) lana zuzendu du ere.