Urtarrilaren 13an saio bikoitza egingo dute Iruñeko Golem Baiona aretoan; Robot Dreams (Pablo Berger) eta Bajo Terapia (Gerardo Herrero) filmak egongo dira ikusgai, lan-taldeek aurkeztuta.

Gure zinemaren zaindari-Goya 2024-zinea

Nafarroan ekoiztutako sei film -euskararen presentzia nagusi duenik ez- ageri dira iragan azaro bukaeran Espainiako Zinema Akademiak argitutako 38. Goya sarien finalisten zerrendan, eta horiei bultzada emateko asmoz, aurten ere, kanpaina berezia jarri du martxan Navarra Film Industryk. ‘Gure zinemaren zaindari’ izenpean, hainbat ekimen burutuko dituzte otsailaren 10eko galara bitartean.

Besteak beste, animaziozko film luze onena izenda dezaketen Robot Dreams (Pablo Berger) eta Bajo Terapia (Gerardo Herrero) -taldeko gizonezko aktore onenaren kategorian sartu dute Juan Carlos Vellido antzezle kataluniarra- pantaila handian ikusteko aukera eskainiko dute urtarrilaren 13an, Iruñeko Golem Baiona aretoan. Lehena 17:00etan proiektatuko dute, bigarrena 19:30ean; bateko zein besteko lan-taldeak aurkeztuko dituzte filmak, eta aurretik, photocall-a egongo da. Saioetara bertaratu nahi dutenek leihatilan eskura dezakete sarrera, 5 euro ordainduta.

Gainera, 38. Goya sariei begira diseinatutako iruditeriarekin batera, hautagai diren filmen pasarteez osatutako promozio bideoa sortu dute, eta sare sozialetan zabalduko dutela adierazi du Navarra Film Industryk.

Ekoizpen nafarren hautagaitzak

Robot Dreams da ekoizpen nafarren artean hautagaitza gehien dituen proiektua. Aipatu bezala, animaziozko film luze onenaren kategorian ageri da, Hanna y los monstruos (Lorena Ares) bezala, baina egokitutako gidoi onenaren, muntaketa onenaren, eta soinu banda onenaren ataletan ere sartu dute akademikoek Pablo Berger bilbotarraren lana. Lokiz Films ekoiztetxe nafarraren eta Arcadia Motion Pictures kataluniarraren babespean sortutako proiektua da, koprodukzio frantziarra ere duena. Filma Iruñeko estudioetan muntatu dute.

Bestetik, hautagaitza bana dute Generazinema Producción laguntzari esker ekoiztutako Bajo Terapiak, Nafarroan bertan errodatutako La ermita (Carlota Pereda) beldurrezko filmak -efektu berezi onenak-, Itsaso Arana tafallarraren Las chicas están bien opera primak -zinemagile berri onena-, eta Félix Viscarret iruindarraren Una vida no tan simplek -gidoi onena-.