Zinema eta Zientzia zikloaren zazpigarren edizioak dilema zientifiko sakonenetan murgiltzea proposatuko du, urtarriletik martxora bitartean, Gasteizen, Donostian, Bilbon, Iruñean eta Donibane Lohizunen egingo dituzten hamar emanaldietan. Oppenheimer (Christopher Nolan, 2023) film arrakastatsuak zabalduko du zerrenda.

Euskadiko Filmategiak, Donostia International Physics Centerrek eta Donostia Zinemaldiak antolatzen duten Zinema eta Zientziaren zazpigarren edizioa da aurtengoa, eta irrikaz jarraitzen dio kultura zinematografikoaren eta zientifikoaren transmisioari.

Bada, helburu horrekin, hamar film proiektatuko dira urtarriletik martxora bitartean Gasteizen (Artium Museoa), Donostian (Tabakalera, Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroa), Bilbon (EHUren Bizkaia Aretoko Mitxelena auditoriuma), Iruñean (Golem Baiona zinemak) eta Donibane Lohitzunen (Le Sélect zinema) egingo diren emanaldietan. Plazer bisualaz harago, gainera, nazioarteko ospea duten hogei bat zientzialarirekin eztabaidatzeko aukera izango dute ikus-entzuleek, filmek aurkeztutako gaiak hizpide hartuta: bonba atomikoa, adimen artifiziala edota gizartearen zahartzea, besteak beste.

Joxean Fernandez filmategiaren arduradunaren esanetan, zazpigarren edizio honetan maiz hitz egingo da zientzia-komunitateek “inguruabar historiko eta geografiko oso jakinetan” mahaigaineratzen dituzten “dilema eta borroken” inguruan. “Robert Oppenheimer, Hedy Lamarr, Ignaz Semmelweis eta halako izenak bildu ditugu ziklo honetan, eta zinema klasikoa, garaikidea, fikziozkoa, ez-fikziozkoa eta animaziozkoa uztartu ditugu. Hautaketa-irizpideari dagokionez, kalitate zinematografikoa lehenetsi da beti, eta, horretaz gainera, filmek ikuspegi zientifikotik irakurketa bat egiteko aukera eskaintzea”, azaldu du prentsaurrean eginiko aurkezpen-agerraldian.

Hain justu, Oppenheimer (Christopher Nolan, 2023) filmaren proiekzioak zabalduko du zikloa bihar, urtarrilaren 11, Gasteizen eta Donostian egingo diren emanaldietan. Pedro Miguel Etxenike fisikariak eta DIPCko presidenteak aurkeztuko du filma Donostian, Bilbon (urtarrilaren 11n) eta Iruñean (urtarrilaren 16an), ederki ezagutzen baitu Robert Oppenheimer fisikari estatubatuarraren biografia. Etxenikek hitzaldi bat eskainiko du proiekzioen aurretik (18:00etan) eta proiekzioak ohiko ordutegian izango dira (19:00etan).

Honen ondotik, Semmelweis (André De Toth, 1940); Out of Africa (Sidney Pollack, 1985); The Perfect Storm (Wolfgang Petersen, 2000); Bombshell: The Hedy Lamarr Story (Alexandra Dean, 2017); Mars Express (Jérémie Périn, 2023); Tiempo de silencio (Vicente Aranda, 1986); Plan 75 (Chie Hayakawa, 2017); Baby Hezten (Howard Hawks, 1938) eta Theater of thought (Werner Herzog, 2023) izango dira ikusgai.

Kontsultatu filmen inguruko datu eta hitzorduak, HEMEN.

Era berean, ondorengoak dira, Pedro Miguel Etxenike egin bezala, publikoarekin eztabaidan arituko diren zientzialariak: Javier Aizpurua (DIPCko eta Ikerbasqueko fisikaria); Itziar Alkorta (EHUko biokimikaria); Amaia Bernaras (Euskadiko Parke Teknologikoko ingeniari informatikoa); Igor Campillo (Euskampuseko eta DIPCko fisikaria); Fernando Cossio (EHUko eta Ikerbasqueko kimikaria); Aitzol García Etxarri (DIPCko eta Ikerbasqueko fisikaria), Maia Garcia-Vergniory (DIPCko eta Max Planck Institute for Chemical Physics of Solids-eko fisikaria); Miguel Angel Goenaga (Donostia Unibertsitate Ospitaleko medikua): Mari Luz Guenaga (Deustuko Unibertsitateko ingeniari informatikoa); Ane Insausti (Mubil Fundazioko-Gipuzkoako Foru Aldundiko telekomunikazio-ingeniaria); Ignacio Lopez-Goñi (Nafarroako Unibertsitateko mikrobiologoa); Maialen Martija (Euskalmet/Tecnaliako fisikaria): Idoia Mujika (EHUko CFM CSIC Materialen Fisika Zentroko kimikaria); Juan Ignacio Perez Iglesias (EHUko eta DIPCko biologoa); Onintze Salazar (Euskalmet/Tecnaliako fisikaria); Itziar Vergara (IIS Biogipuzkoako medikua); Rafael Yuste (Columbiako Unibertsitateko neurobiologoa); Didier Roux (L’Académie des Sciences et des Technologieseko fisikaria eta kimikaria); eta Ricardo Diez Muiño (DIPCko eta Ikerbasqueko fisikaria).

Emanaldietarako sarrerak online eta leihatiletan erosi ahalko dira: Tabakaleran, Artium Museoan, Arte Ederren Bilboko Museoan (saioak Bizkaia Aretoan izango dira, pinakotekan obrak egiten ari baitira) eta Le Sélect eta Golem-Baiona zinema-aretoetan. Txartelek 3,50 eta 6 euro bitartean balioko dute.

Ikasleekin ere bai

Azkenik, ikastetxeei zuzendutako goizeko saioak ere izango direla iragarri dute. Donostian, Bilbon eta Gasteizen egingo dituzte, eta bertan Mars Express (Jeremie Perin, 2023) proiektatuko da -euskarazko azpitituluekin-, Euskal Herriko Unibertsitateko Hitz ikerketa-taldeko Rodrigo Agerrik eta Izaskun Etxeberriak aurkeztuta.

Zikloaren programa osoa eskuragarri, HEMEN.