Robot Dreams (2023) animaziozko filma estreinatu berri duen zinemagile bilbotarrarekin batera, Espainiako Kontseilu Ministerioak beste 36 artista eta eragile aitortuko dituela iragarri du.

Pablo-Berger-zinea

Sorkuntza artistiko eta kulturalaren alorrean nabarmendu diren pertsona edo erakundeak zein zerbitzu azpimarragarriak egin dituztenak goraipatu asmoz, Espainiako Kontseilu Ministerioak Arte Ederren Urrezko Dominak banatzen ditu urtero. Kultura zabaltzen, garatzen eta sustatzen diharduten zein ondare artistikoa kontserbatzen duten eragileek jaso ohi dituzte, eta tartean, zinemagintzako profesionalak ere aitortzen dituzte.

Bada, Ernest Urtasun Espainiako Kultura ministroak asteartean jakinarazi zuenez, 37 izango dira 2023ko ekarpenari lotutako dominak, eta horien artean Pablo Berger zinemagile bilbotarra ageri da, nazioartean sariak pilatzen ari den Robot Dreams animaziozko filma estreinatu zuena iaz. Cannesen aurkeztu ostean, Annecyko jaialdian Contrechamp Sari Handia eskuratu zuen Lokiz Films ekoiztetxe nafarraren eta Arcadia Motion Pictures kataluniarraren babespean sortutako proiektuak, eta gerora, Toronto, Sitges eta Sevillako zinemaldietan erakutsi dute. Berriki, animaziozko film europar onena izendatu dute 36. Europako Zinemaren Sariketa-ekitaldian.

Ibilbide profesionala

Zinemagile bilbotarrak 4 film luze baino ez ditu ondu, baina denek ere oihartzuna izan dute nazioartean. Mamá film laburra zuzendu zuen 1988an, eta New Yorkera jo zuen segidan, zuzendaritza zinematografikoaren master ikasketak egitera. Hain zuzen ere, New York Film Academy-ko irakasle bilakatu zen bertan, eta bitartean Torremolinos 73 (2003) bere opera prima landu zuen.

Hamarkada bat geroago, mundu mailan ospea ekarriko zion Blancanieves (2013) zuri-beltzezko film mutua aurkeztu zuen Donostia Zinemaldian, Epaimahaiaren Sari Berezia lortuz. Gainera, Goya sarietan arrakastatsu izan zen, 10 estatuatxo jasoz. Abracadabra (2017) zuzendu zuen gero, eta 2018az geroztik Hollywoodeko Akademiako kide da. Esan bezala, Robot Dreams animaziozko filma da orain arte zuzendu duen azkena.