2024ko urriaren 10etik 17ra bitartean ospatuko den Film Sozialak, Zinema Ikusezinaren Nazioarteko Jaialdiko antolatzaileek urtarrilaren 1ean ekin diote ikuspegi soziala lantzen duten filmen bilaketari. Maiatzaren 1a izango dute sortzaileek beren lanak bidaltzeko epe-muga.
KCD GGKek – Cultura, Comunicación y Desarrollo elkartearen ekimena da Bilboko Film Sozialak, Zinema Ikusezinaren Nazioarteko Jaialdia. Komunikazioa eta Kulturaren bitartez, gizartearen garapena, kulturartekoa eta, oro har, iraunkorra sustatzea du helburu eragileak, eta zinema jaialdia da horretarako darabilen tresna. Aniztasuna zein giza erantzukizuna berezko dituzten filmak biltzen dituzte urtero, zirkuitu komertzialetan nekez ikus daitezkeen izenburuak, alegia, eta lau ardatz tematikoren gainean eraiki dute hitzordua: jasangarritasuna, genero-berdintasuna, kultur artekotasuna eta giza eskubideak.
Hamaseigarrena izango den edizioaren prestaketa lanetan hasi dira jada, eta hura osatuko duten lanak bidaltzeko epea 2024ko urtarrilaren 1az geroztik dago irekita. Aipatutako lau ardatzetako bat jorratzen duten film laburrak, ertainak edo luzeak (fikziozkoak, dokumentalak edo animaziokoak) aurkeztu ahalko dira maiatzaren 1a baino lehen deialdira.
Oinarriek zehaztutakoaren arabera, munduko edozein lekutako sortzaileek parte har dezakete lehiaketan, edozein dutela ere jatorria edo nazionalitatea. Adingabeek, berriz, dagokien pertsona helduaren baimena behar dute (gurasoak, legezko tutoreak…). Lan bat edo gehiago aurkez ditzake pertsona edo talde bakoitzak, betiere egiletza- edo banaketa- eskubideen jabe badira. Beste jaialdi batzuetan parte hartu izana ez da ezaugarri baztertzailea izango. Azaldu dute jatorrizko hizkuntzan aurkeztu behar direla lanak. Hizkuntza hori ez baldin bada ez gaztelania ez euskara, bi hizkuntza horietako batean azpititulatu behar dira.
Jaialdia urriaren 10etik 17ra bitartean ospatuko dute, eta Bilboko 30 txoko baino gehiagotan izango dira filmak ikusgai; horietatik 16 Euskadiko hezkuntza formaleko institutuak dira, Batxilergokoak eta Lankide Heziketakoak. Aurten, 13 sari banatuko dituzte, guztira 22.250 euro. Besteak beste, Euskaraz egindako Gizarte Ekintza Onenaren Saria emango dute.
Ezagutu 16. Film Sozialak, Zinema Ikusezinaren Nazioarteko Jaialdian parte hartzeko oinarriak eta baldintzak, HEMEN.