Ernesto del Ríoren lekukoa hartu zuen 2018 hasieran durangarrak, eta ordutik festibalaren arduradun nagusia izan da. Besteak beste, egitarauaren baitako film guztiak euskarazko azpitituluekin proiektatzea lortu du.

Vanesa Fernandez Guerra-zinea

Vanesa Fernandez Guerra (Durango, 1980) ez da aurrerantzean ZINEBI – Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiko zuzendaria izango. Sei urtez festibalaren arduradun nagusia izan ostean, kargua uztea “bere erabakia” izan dela adierazi du Bilboko Udaleko Kultura Sailak, eta hasi dute jaialdiaren zuzendari berria hautatzeko prozesua. El Correo egunkariak aurreratu du berria, eta Bilboko Udalak hala baieztatu du.

2017an jakinarazi zuten durangarra ZINEBIko zuzendari berria izango zela, hemezortzi urtez aritu zen Ernesto del Ríok erretiroa hartu eta lan-deialdi publikoan aukeratua izan zenean. Ordutik, biziberritu egin du Fernandez Guerrak festibala, eta besteak beste, bere lorpentzat jo daiteke azken ekitaldietan film guztiak euskarazko azpitituluekin proiektatu izana. Mundu osoko film labur onenak, dokumentalak eta opera primak programatu ditu, eta euskal zinemak ere tarte berezia izan du, Bertako Begiradak atalean.

Ikus-entzunezkoen Komunikazioan doktorea da, eta Dokumentalen eta Ikus-entzunezkoen Idazketan espezialista. EHUko, Bartzelonako UABeko eta EiTB taldeko zenbait gradu eta masterretako kudeaketa-lanak egiten ditu, eta Espainiako zine dokumentalari buruzko diziplina anitzeko Territorios y Fronteras. Research on Documentary Filmmaking proiektuaren koordinatzailea izan da. ZINEBIren gidaritza hartu aurretik, film laburrak aukeratzeko batzordeko kidea izan zen bertan, eta Zinebi First Film lehiaketaren eta Beautiful DOCS zikloaren programazioaz ere arduratu zen.

Fernandez Guerraren zuzendaritzapean, Felix Linares kultur kazetari eta zinema kritikaria, Frederic Wiseman, Iñigo Salaberria, Agnieszka Hollan, Margarethe von Trotta, Imanol Uribe, Márta Mészáros, Wang Bin, Claire Simon, Apichatpong Weerasethakul edota Mariano Llinás zinemagileak izan dira Ohorezko Mikeldiaren aitortza jaso duten profesionalak, besteak beste. Festibalaren programazio ildoarekin bat datozenak, denak ere.

Zinema eskaintza baino gehiago

2017an zuzendaritza aldaketaren berri izan genuenean, ZINEAn Del Río eta Fernandez Guerra elkarrizketatu genituen, jaialdiaren iraganaz eta etorkizunaz hitz egin ziezaguten. Hiriak jasandako bilakaera, areto berrien sorrera, baina bereziki, zinemak euskarri digitalera egindako saltoa zituen orduan ZINEBIk erronka, eta horiei heltzeko ardura izan du gaur arte durangarrak. Fikzioaren beherakada eta sortze dokumentalen zein animazioaren goraldia aurreikusi zituen, eta hain zuzen ere, horiei eskaini die lehentasunezko tartea zuzendari izan den bitartean.

Fernandez Guerrak zabaldu egin du ZINEBIren eskaintza, eta filmen emanaldiez harago, industriaren bilgune ere bilakatu du. Mahai-inguruek, hitzaldiek, sorkuntza-lantegiak eta topaketek osatu dute egitaraua, eta besteak beste, ZINEBI Networking: Dokumentalen sorgunea foroa sortu du. Euskal Produktoreen Elkartearekin (EPE-APV) batera antolatuta, eta EiTB Media S.A.U.rekin, Zineuskadirekin, Europa Creativa Desk MEDIA Euskadirekin eta ICAArekin lankidetzan, jaialdi bilbotarrak ikus-entzunezkoen ekoizpena sustatu nahi izan du Bilbon, Bizkaian eta EAEn.

Gainera, Cannes Docs mundu osoko zinema dokumentaleko profesionalentzako Marché du Film merkatuko topagune nagusian parte hartzeko aukera izan dute sortzaileek ZINEBIri esker, eta Xixongo Nazioarteko Zinemaldiarekin harremanak estutu ditu.

Bestalde, irisgarritasunaren aldeko konpromisoa hartuta, entzumen arazoak dituzten pertsonengan fokua jarri du azken edizioetan, eta ikusmen-desgaitasuna dutenek zinemaz goza dezaten saiatu da, irekiera- eta itxiera- galetan aldibereko itzulpen zerbitzua ere eskainiz.