Bilboko Udalak euskarazko film labur bat ekoizteko proiekturik onena sarituko du, FANT – Bilboko Zinemaldi Fantastikoaren 30. urteurrenaren karietara sustaturiko deialdi berri baten baitan. Sariak euskarazko fantasiazko generoko film laburren ekoizpena babestea du helburu, 5.000€ko ordainsariaren bidez.
FANT – Bilboko Zinemaldi Fantastikoak, Bilboko Udalak antolatuta, 2024ko maiatzaren 3tik 11ra ospatuko du 30. edizioa. Prestaketa lanetan hasiak dira, eta iristen hasi dira aldi honetako lehen ezaugarriak. Bilboko Udalak sustaturiko deialdi berri hau kasu, zeinaren bidez fantasia generoko euskarazko film labur baten ekoizpena babestuko den.
Erregistro publikoetan, zinema-eskoletan edo antzeko entitateetan ekoizle gisa inskribatutako pertsona fisiko edo juridiko guztiak dei egin dituzte parte-hartzera eta, horretarako, datorren martxoaren 27a baino lehen aurkeztu beharko dituzte proiektuak, www.fantbilbao.eus webgunean eskuragarri egongo den formularioa betetzearekin batera. Norbanako bakoitzak bi film labur bidali ahalko ditu gehienez ere, beti ere, 20 minutu baino gehiagoko luzera ez badute.
Proiektuak bidali ondoren, epaimahai espezializatu baten aurrean aurkeztu eta defendatu beharko dira Zinemaldian zehar egingo den jendaurreko saio batean. Era berean, sustatzaileek hala erabakitzen badute, film laburraren estreinaldia FANTen etorkizuneko edizioetan egingo litzateke.
Ikusi oinarriak eta inskripzio formularioa, HEMEN.
XXX. ediziorako lanen deialdia
Antolatzaileek lehiaketa-oinarrien bidez iragarritakoaren arabera, 2024ko edizioan FANT Zinemaldiak bere sariei eutsiko die. Film luzeen arloan, Sail Ofizialeko Film Luzerik Onenaren saria, eta Panorama Fantastikoa Saileko Film Luzerik Onenaren saria banatuko dituzte. Bestalde, metraje laburreko lanei dagokienean, Film Labur Onenaren Saria (epaimahaiaren irizpidearen eta publikoaren irizpidearen arabera) eta Euskal Film Labur Onenaren Saria banatuko dira ere. Halaber, Panorama Fantastikoa Saileko Film Labur Onenak saria jasoko du.
Gainera, Jaialdiak Sail Ofizialeko film luzeen ohorezko sariak mantenduko ditu: Euskal Gidoilarien Elkarteak emandako Gidoi Onenaren Saria, Euskal Aktoreen Batasunaren saria, FANT-Euskal Film Laburrak Saileko antzezpenik onenari eta Zuzendaritza Berritzaileenaren Saria, FAS Cine Clubak ematen duena; baita Publikoaren Saria Sail Ofizialeko Film Luze Onenari ere.
Amaitzeko, FANT – Bilboko Zinemaldi Fantastikoak ere FANTROBIA Saria emango du. Edizio bakoitzean, azken urteotan fantasiazko zinema-generoan goraka doan balioa ordezkatzen duen pertsona bati ematen zaio sari hori.
Lanak jasotzeko epea otsailaren 4an itxiko dute, eta lanak aurkezteko prozesuaren oinarriak eta xehetasun guztiak publiko egin dituzte jada. Filmak Movibeta Festival edo FestHome webgunearen bidez aurkeztu beharko dira.