Negu Hurbilak filma estreinatzeke duten Negu Kolektiboko kideak izango dira Zinemagileen Elkarrizketak programa berriaren lehen gonbidatuak. Hilaren 9an, bihar, taldean zuzentzearen inguruan arituko dira; 19:00etatik aurrera, Santa Teresa komentuan.
Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura Departamentuak, Koldo Mitxelena Kulturunearekin elkarlanean antolatua, hirugarrenez ospatuko da Zinegileen arteko elkarrizketak zikloa, Donostian. 2024ko lehen seihilekoan gauzatuko dira enkontruak, eta berriki estreinatu edota estreinatzear dauden proiektuekin lotutako gonbidatuak hartuko ditu. Zazpi saiok osatuko dute programa, eta Donostia Zinemaldiaren Z365 atalaren zein Elias Querejeta Zine Eskolaren partaidetza izango du.
Zinema ikasle zein zaletuei zuzenduta dago zikloa, eta zinemagileak beren ohiko kolaboratzaileekin elkarrizketan arituko dira, film baten ekoizpenaren eta errealizazioaren ikusten ez diren alderdiak hobe ulertzeko gako berriak emateko. Gipuzkoako Foru Aldundian egin dute egitasmoaren aurkezpena, eta Goizane Álvarez Kulturako diputatuak “Gipuzkoa zinemaren mundu liluragarrian murgiltzeko aukera” dela nabarmendu du. Parte-hartzaileen aniztasuna aldarri, egungo panorama zinematografikoaren aberastasuna islatzeko aukera eskainiko du Zinegileen arteko elkarrizketak zikloak, bada, Euskal Herriko zein Espainiako Estatuko profesionalen topagune izango da.
Negu Kolektiboa
Ekain Albitek, Mikel Ibargurenek, Nicolau Mallofrék eta Adrià Rocak osatzen dute Negu Kolektiboa. Kataluniako Zinema eta Ikus-entzunezkoen Goi Eskolak (ESCAC) elkartutako ikasle-taldea da, jatorri desberdin eta oso urrunekoak -Euskal Herritarak batzuk eta Kataluniarrak besteak-. Eskolarako proiektuak garatu eta sortu ahala, sorkuntza horiei ekiteko orduan antzeko kezkak eta ikuspuntuak partekatzen zituztela sinetsita elkartu ziren orain lau urte.
Bere lehen proiektuak, Euskal Herrian errodaturiko Erroitz filmak, jarri zuen gaur egun eraikitzen ari den sorkuntza eta konplizitate-bidearen hasierako harria. Urtebete geroago ekin zioten bigarren proiektuaren ekoizpenari: Uhara, 16 mm-tan errodaturiko metraje erdiko pieza, izandako gaztaroa eta orduko energia irrikatzearen ingurukoa. Era berean, bi proiektu horien artean, Kataluniako errealitatearen inguruko sorkuntza batzuk landu zituzten ere, hala nola 16 mm-tan filmatutako A rabassa morta.
Bidean aurrera, konplizitatea, esperientzia eta baliabideak pilatzearekin bat, kolektiboa handitu eta zinemaren esparruko kide berriak batzen hasi ziren, baita ingurune akademikotik kanpokoak ere. Negu hurbilak izan da beren lehen film luzea: iheslari baten istorioa, 2011ko Euskal Herriko testuinguru politiko nahasian. Filmak Locarnoko Zinema Jaialdian izan zuen mundu mailako estreinaldia, Cineasti del Presente sailean, eta baita aipamen berezia irabazi ere. Geroztik, ospe handiko jaialdi gehiagotan erakutsi dute; besteak beste, Seminci – Valladolideko Zinemaren Astean, Madrilgo Márgenes Jaialdian eta Cork International Film Festivalen. 2024ko otsailaren 23an estreinatuko da filma zinema aretoetan.
Bada, Zinemagileen Elkarrizketak izeneko programaren 3. edizioko lehen gonbidatuak izango dira. Kolektiboan zuzentzeak dituen gora beherak izango dituzte hizpide, bihar, urtarrilaren 9an, 19:00etatik aurrera, Santa Teresa komentuan egingo duten saioan.
Doako saioa izango da eta bertaratzerik ez dutenek online jarraitzeko aukera izango dute: https://www.youtube.com/watch?v=_gk_YLSsMPI