1946az geroztik egin legez, Zinema Idazleen Espainiako Zirkuluak herrialdeko zinemagintza goresteko asmoa duten dominak banatuko ditu otsailaren 5ean. Euskal zinemagintzak partaidetza sendoa izango du.
Zinema Idazleen Espainiako Zirkuluak otsailaren 5ean ospatuko du urteroko sari-banaketa ekitaldia, oraindik zehazteke duten eran, eta euskal zinemagintza presente egongo da. 12 aitortza jaso ditzake Victor Erice karrantzarraren Cerrar los ojos itzulerako lanak, hala, faborito nagusia da. Film onena, zuzendari onena, aktore nagusi onena, taldeko aktore onenak (hiru izendapen), emakumezko aktore berri onena, jatorrizko gidoi onena, argazki-zuzendaritza onena, muntaketa onena eta soinu banda onenaren errekonozimenduak jaso ditzake.
Ez da ordea ekoizpen euskal herritar bakarra izango, izan ere, Estibaliz Urresola laudioarraren 20.000 erle espezie opera primak sei domina jaso ditzake: film onena, emakumezko aktore nagusi onena, taldeko emakume aktore onena, jatorrizko gidoi onena, argazki-zuzendaritza onena eta muntaketa onena. Bat gutxiagorekin ageri dira Arantxa Echeverria bilbotarraren Chinas -taldeko emakume aktore onena, emakumezko aktore berri onena (bi izendapen) eta jatorrizko gidoi onena-, eta Pablo Berger herrikidearen Robot Dreams -film onena, animazioko film luze onena, zuzendari onena, egokitutako gidoi onena, eta soinu banda onena-.
Aldiz, AEBko aireportuetako immigrazio kontrol zorrotzak aztergai dituen Upon Entry (Alejandro Rojas eta Juan Sebastián Vásquez) thriller psikologikoak bi sari lor ditzake CEC sarien 79. edizioan. Basque Films ekoiztetxe bilbotarraren babesa daukan proiektua zuzendari berri onenaren eta jatorrizko gidoi onenaren kategorietan da finalista.
Izendapen bakarrarekin ageri dira, bestalde, Itxaso Aranaren Las chicas están bien (zuzendari berri onena), Felix Viscarreten Una vida no tan simple (gizonezko aktore onena), eta Isabel Hergueraren El sueño de la sultana (animaziozko film luze onena).
Ezagutu Zinema Idazleen Espainiako Zirkuluak argitaratutako hautagaien zerrenda osatua, HEMEN.