Frankismoaren aurka altxatu ziren abadeak zigortzeko sortutako munduko apaiz kartzela bakarrari buruzko dokumentala Sense Ficció programaren baitan emango dute, urtarrilaren 9an.
Dokumentalak munduko apaizentzako kartzela bakarra -Vatikanoa eta Francoren artean Zamoran sortutakoa- du hizpide, eta frankismoaren zapalkuntza haren aurka erreakzionatu zuten abadeen borroka ekartzen du gogora, protagonisten beraien kontakizunetik abiatuta.
2021ko apirilean, Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldian izan zuen estreinaldia. Ondoren, CloseUp Edinburgh Docufest (Edinburgo, Eskozia), Festival Internacional de DDHH Miradas Diversas (Caracas, Venezuela), Festival del Cinema dei Diritti Umani di Napoli (Napoli, Italia), OFFCINEDOC (Badajoz, Extremadura) eta Cerdanya Film Festival (Girona, Herrialde Katalanak) jaialdietatik igarota osatu zuen ibilbidea.
Azken honetan, gainera, Dokumental Onenaren Saria eta Ikusleen Memoria Historikoaren Saria eskuratu zituen. Urte horretako azaroaren 26an izan zuen estreinaldi komertziala Estatu Espainiarreko zinema-aretoetan.
Bada, Kataluniako telebista publikoan egingo duten emisioa izango da filma modu irekian ikusteko lehen aukera. Datorren asteartean, urtarrilaren 9an, finkatu dute hitzordua, Sense Ficció programaren baitan, 23:20etik aurrera. Filmaren katalanezko bertsioa izango da ikusgai, hizkuntza horretako azpitituluak txertatuta.
Urtarrilaren 9an, 23:20etan, #apaizkartzela La presó dels capellans eskainiko du TV3 @ccma_cat telebistako #senseficció saioak. Xirinacs, Botey, Vila, Garrido, Fornés… giza eskubideak aldarrikatzeagatik izan ziren kartzelatuak euskal apaizekin batera. pic.twitter.com/VgGepffhfr
— maluta* films (@malutafilms) January 3, 2024
PRIMERAN plataforman ikusgai
Gurean, filma ez da oraindik Euskal Telebistaren programazioan emititu. Ordea, PRIMERAN plataforman ikusgai dago honen sorreratik.
Ikusi filma, HEMEN.