‘Classique = Moderne. Zinematekaren historia berria’ zikloarekin ospatuko du Azkuna Zentroak Bilboko Zinematekaren 40. urteurrena. Datorren urtarrilaren 16an abiatuko da, eta hiru denboraldiz luzatuko da.

Jean-Luc Godarden Bande à part (1964) filmetik hartutako “Classique = Moderne” esaerak bi termino hurbiltzen ditu, askotan antagoniko gisa erabiltzen diren arren, zinemaren arte gisa den paradigma osatzen dutenak. Gaur egun klasikotzat jotzen dena garaikidea izan zen garai batean, edota disruptorea; eta bidea urratu zuen gaur egungo ekoizpena izan arte, teknikaren, pertsonaien edo kontatutako istorioaren bidez. Era berean, berria den guztia automatikoki bilakatzen da tradizional, sorkuntza artistiko gisa hondarra uzten duen heinean.

Bilboko Zinematekaren historia horren isla ederra da. Proiektua 1983ko urtarrilean hasi zen Bilboko Arte Ederren Museoan. New Yorkeko MOMA eta Parisko Louvre eta Pompidou pinakoteka handien joerari jarraituz, ahalegina egin zen ikus-entzunezko sorkuntza beste arte bisual bat bezala txertatzeko, eta ordura arte Euskadin ez zegoen zinema-mota bat eskaintzeko. Hala,  Zinemateka sortu zen kultura zinematografiko klasikoa eta garaikidea zabaltzeko asmoz, film ezezagunak edo publikoak eskuratzeko errazak ez zirenak erakusteko. Beti jatorrizko bertsioan, interpretazioan ahotsak duen garrantzia balioesteko.

Asmo horrekin, 56 besaulkiko zinema-aretoa sortu zen Museoan, eta, besteak beste, 16 mm-ko proiektagailu batez hornitu ere bai. Egun,  40 urteren bueltan, oraindik ere erabilia. Eskaintzaren arrakasta ikusita eta hura zabaldu beharra zegoela sinetsita, 2001ean edukiera handitzea erabaki zuten, 206 lagun hartzeko moduko auditorioa eraikita. Hala, zabala hartu zuen barnean, José Julián Baquedano zinemagile, gidoilari eta zinema-programatzailearen eskutik.

Garai horretan izan ziren topaketen artean,  nabarmentzekoak dira, besteak beste, Jean Rouch, Marcel Ophuls, Bruce Posner, Agnes Varda, Fernando Arrabal, Juan Marine, Jesus Franco, Pedro Olea, Jørgen Leth eta Francisco Regueiro zinemagileekin izandakoak. Haiei esker, Museoko Zinemateka topagune bihurtu zen, zinemaren maitalea eta aditua zen ikusle heterogeneoaren asteroko bilgune, eta horrela iraun du gaur egun arte.

Bada, 2011n inauguraturiko AlhondigaBilbaoren parte da egun, eta Golem Alhóndiga operadorearekin lankidetzan, hiriko ikus-entzunezko eskaintza egonkorra eskaintzen du. Azken 12 urteetan bakarrik, 70 ziklo baino gehiago programatu dira bertan, eta 76.252 ikuslek hartu dute parte. John Ford, Stanley Kubrick, Orson Welles, François Truffaut, Ingmar Bergman, Jean Cocteau, Alfred Hitchcock, Fritz Lang, Pier Paolo Pasolini, Federico Fellini, Luis García Berlanga eta Akira Kurosawa maisuen lanak eskaini dira, besteak beste. Bestalde, programazioa lagungarria izan da zinema-sorkuntzaren kontzeptu teorikoak eta estetikoak eta zinemaren lanbide desberdinak ezagutzera emateko.

Era berean, Zinemateka zabalik dago Zentroko gainerako programazioari, eta hainbat hitzordutan hartzen du parte, besteak beste, Gutun Zuria Bilbao, Azkuna Zentroko Letren Nazioarteko Jaialdian, Itziar Barrio artistaren “By all means” eta zinema esperimentalaren sustatzaile Bruce Baillieren inguruko “Somewhere From Here To Heaven” erakusketetan.

40. urteurrenaren karietara

Bada, beraz, sobera motibo ospatzeko, eta ‘Classique = Moderne. Zinematekaren historia berria’ zikloa izango da horretarako bidea. José Julián Baquedanorekin batera ondutako hautaketa batekin hasiko da, “ezinbesteko” 45 film. Era berean, euskarri analogikoak duen balioari helduko diote berriz, zeluloideko proiekzioak eta formatu digitalekoak uztartuz.

2024ko urtarrilaren 16an hasi -John Ford zinemagilea protagonista- eta  martxoaren 12ra arte luzatuko da, eta 16 film proiektatuko dituzte guztira. Besteak beste, Carl Theodor Dreyer-en Ordet (1955), Fritz Langen Spione (1928) eta F.W. Murnau eta Robert J. Flahertyren “Tabu” (1931) filmak.Hurrengo zikloak 2025eko eta 2026ko Zinematekaren programazioan sartuko dira, hurrenez hurren.