Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldian izena emateko epea datorren astelehenera, urtarrilaren 8ra, bitartean izango da zabalik. Film luzeen izen-ematea Movibeta plataformaren bidez eta film laburrak Shortfilmdepot tresnaren bidez aurkez daitezke, soilik.
2024ko apirilaren 12tik 19ra bitartean ospatuko da hitzordua, hogeita batgarrena. Urtero lez, berariaz izendaturiko hautespen batzorde batek aukeratuko ditu lehiaketan parte hartuko duten film luze eta laburrak. Horretarako, filmak 2023ko urtarrilaren 1a ondoren amaiturikoak izan beharko dute, eta Giza Eskubideen inguruko gai bati heldu beharko diote, ezinbestean. Iraupenari dagokionez, 30 minututan ezarri dute muga. Hortik gorako lanek, film luzeen kategorian parte hartu beharko dute, eta beherakoek, film laburrenean.
Hala, izen-emateak Movibeta plataformaren bitartez egin beharko dira film luzeen kasuan; film laburrek, aldiz, Short Film Depot erabiliko dute. Filmak aurkezteko epea 2023ko azaroaren 13tik 2024ko urtarrilaren 8ra bitartean egongo da zabalik.
Oinarrien zein inskripzioaren inguruko xehetasun gehiago, HEMEN.
SISU 360º Jotta Zubiria & Uxue Montero-k sortutako irudia
Filmak inskribatzeko deialdiarekin batera, apirilean ospatzekoa den 21. edizioko irudia izango dena argitu dute jada antolatzaileek: SISU 360º Jotta Zubiría & Uxue Monterok egina da, Ytantosek buruturiko diseinuarekin.
Egileen hitzetan, irudiak Lur planeta irudikatzen du, larri zauritua eta higatua; zabor poltsa baten barruan agertzen da, zaindu ez izanagatik gizateriak botata.
Jarraitu jaialdiaren inguruko azken berriak, HEMEN.