Claude Chabroli eskainitako atzera begirakoak jarraipena izango du, eta Amnesty Internationalekin batera antolatuta, Siriako gerran girotutako dokumental argigarri bat pantailaratuko dute ere. Ekoizpen kolonbiar eta frantziar banak osatuko dute egitaraua.

Kresala Zinekluba 2024-urtarrila-zinea

Gabon garaian etenaldi txiki bat egingo badute ere, Donostiako Kresala Zineklubeko kideek ez dute atsedenerako tarterik hartuko. Urtarrilaren 9an berriz elkartuko dira Trueba aretoan Claude Chabrolekin batera urte berriari ongietorria emateko. Izan ere, zinemagile frantziarrari eskainitako atzera begirakoaren jarraipenarekin agurtuko dute 2024a: L’enfer (1994). Paulek Landetan erosi berri duen hotel polit bat zuzentzen duen bitartean, Nellyk bien semea zaintzen du. Hoteleko bezeroen gustukoa da emakumea, ondorioz, gizonak, jelosia kontrolgabe eta obsesiboak menderatuko du.

Hilaren 16an, aldiz, Andrés Ramírez Pulidok zuzendutako La jauría (2022) ekoizpen kolonbiarra egongo da ikusgai: Oihanaren erdian kokatutako birgaitze-zentro esperimental batean dago Eliú. Bere lagun onena (bere konplizea ere badena) bertara eramaten dutenean, egindako krimena berreraikiko dute, nahiz eta Eliúk iragana ahaztu nahiko duen. Terapia eta lan behartuen artean, Eliúk giza naturaren iluntasunari aurre egin eta bereari ihes egiten saiatuko da berandu izan baino lehen.

Urtarrileko hirugarren saioa Amnesty Internationalekin batera antolatu dute. Hilaren 23an, The Lost Souls of Syria (Garance Le Caisne eta Stéphane Macarre, 2023) dokumentala pantailaratuko dute: Caesar ezizenez ezaguna den militar batek atxilotu eta hil arte torturatu zituzten zibilen 27.000 argazki lapurtu zituen Siriako erregimeneko artxibo sekretuetatik, eta 2014an argitaratu ziren. Ordutik, baina, nazioarteko justizia ezinean dabil Siriako Gobernua auzipetzeko. Kasua ahaztuta geratu ez dadin, biktimen senideak eta aktibistak, Caesar bera eta Almudena Bernabeu abokatu espainiarra besteak beste, egia eta justizia bilatzen saiatzen ari dira Europa osoko hainbat auzitegitan.

Azkenik, urtarrilaren 30ean, Frantzia iparraldean girotutako Les Pires (Lise Akoka eta Romane Gueret, 2022) film bitxia eskainiko dute, gazterian oinarritutakoa. Zinemagileek pelikula baten ekoizpen prozesua filmatuko dute, Boulogne-Sur-Mer herriko Picasso auzoan, hala, bertako bizilagunen errealitate gordina azaleraziko digute.

Donostiako Gros auzoko Trueba zinema-aretoan egingo dituzte emanaldiak, asteartetan, 19:30etatik aurrera. Ohi bezala, ZINEAn sarrera bikoitza zozkatuko dugu saio bakoizterako. Parte hartu ondoko estekan.