kritika-samsara-zinea

Zuzendaria: Lois Patiño

Urtea: 2023

Herrialdea: Euskal Herria

Euskal zinemaren zigilupean -Sr&Sra ekoiztetxe donostiarraren babespean- aurkeztu zaigu Lois Patiño zinemagile galiziarraren lan berriena, Berlinale zinemaldiko Encounters sailean epaimahaiaren sari berezia jaso zuena iragan otsailean. Ia urtebetez jaialdiz jaialdi nazioartean erakutsi ostean iritsi da gure zinema aretoetara, eta behingoz izan dugu “esperientzia bakar eta errepikaezina” deritzotena deskubritzeko aukera. Izan ere, horixe du proiektuak arnasgune, istorio/kontaketa/film arrunt baten ikustalditik harago doan apustu sentsoriala eta estimulagarria baita pantaila handitik jasoko duguna.

Ikusizko materiaren haunsarketa ia onkologikoak ondu izan ditu Patiñok Galizian errodatutako bere aurreneko bi film luzeetan –Costa da Morte (2013) eta Lúa vermella (2020)-, eta salto transnazional zein espirituala egin du orain, Laosera eta Zanzibarrera. Fisikoki zein kulturalki elkarrengandik oso urrun dauden bi herrialdeotan girotu du SAMSARA ez-fikziozko lana, definizioz bizitzaren bira deritzona, eta bere horretan biziko duguna: Monje budista nerabe batek Hilen Liburu Tibetarra gisa ezagutzen den Bardo thodol delakoa irakurriko dio hiltzear den emakume zahar bati, bizitzaren harantzagoko orientaziorako gida gisa balio baitio. Behin zenduta, ahuntz jaioberri baten gorputzean berraragituko da, familia arrantzale musulman batekin haziko dena.

Bideoartean errotutako sortzailea da Patiño, eta lengoaia zinematografikoaren ertzak eta mugak hausnartzen jarraitzen du etengabe. Gainjarritako irudiak eta 16mm-ko kamerekin erretratatutako espazio naturalek transmititzen duten indar bakezale zein lasaigarria baliatu ditu SAMSARAn, baina bi blokeon artean, 15 bat minutu inguruko bidaia espektralak hautsi egingo du kontaketa bisualaren jarraikortasuna. Begiak itxi eta entzumenaren bitartean igaroko gara, hil berri den emakumearen arimarekin armonian, Laosetik Zanzibarrera; giza gorputzetik animalia baten haragietara.

Esperimentu sarkor honetan, Bardo thodol liburuko pasarteak interpretatu eta soinu-paisaia bilakatzeko ardura izan du Xabier Erkizia soinu-artista eta teorilari lesakarrak. Hari esker, hautemango ditugu ekaitzak, euri-jasak, hizkuntza anitzetako elkarrizketak, unibertso deskribaezinak… Baina ez hori bakarrik. 2001: A Space Odyssey (Stanley Kubrik, 1968) lanaren azken bidaia galaktiko eta hipnotikoaren arrastoari segika, heriotzaren eta berraragiztatzearen arteko atalasearen zeharkaldi sentsorialaren lekuko izango gara. Begiak zarratuta mantenduz, Erkiziaren sormen-erakustaldiaren bidaide izango dira betazalak kolpatuko dizkiguten argi-izpi indartsu eta erritmikoak.

Zinema mainstream eta konbentzionaletik at kokatzen da Patiño, eta SAMSARAn barneratu (berau litzateke aditz zehatza!) aurretik argi bezain garbi izan beharko genuke aurkituko duguna ez dela areto komertzialetako ohiko bazka. Ikus-entzuleongan inoiz ez bezala eragiteko ausardiaz (sentimenduetan baino, zentzumenetan), pelikula narratiboen izaerari uko egingo dio, hain zuzen ere, film batek emateko digun guztiaz kontziente izan gaitezen.